Zestoako Txoko Feministaren GUTUNA: ‘Udal Gobernuaren jarreraz kezkatuta’

Santa Kutz bezperan plazan jarritako pankartekin gertatutakoa azaldu, udal ordezkarien jokaera salatu eta herritarren jarrera eskertu ditu Zestoako Txoko Feministak idatzi honetan.

Santakutzetan guk ipinitako pankartekin EAJko udal ordezkariek izan duten jarrerarekin minduta, kezkatuta eta haserre gaude. Emakumeen aurkako indarkeria orori ez! Aski da! Biktimak gogoan eta Ez da abusua, bortxaketa da zioten pankartek. Ez omen zuten nahi inor mintzerik, zein mintzen da mezu horrekin? Gizarteak bere egiten dituen aldarrikapenak dira. Lelo horiekin bat ez egitea edo ez babestea, larria dela uste dugu. Udal Gobernuak emakumeen aurkako erasoen aurkako jarrera ez babestea ez da gure buruetan sartzen. Horrez gain, alkateak Txoko Feministari emandako hitza ez du bete. Hemen, argiago pankartekin gertatutakoa:

– Santa Kutz bezperako goizean alkateak taldeko kide bati deitu zion, torileko erdiko balkoian ipinita geneuzkan pankartak ea bazterrera mugitzea zer iruditzen zitzaigun galdezka. Gaia “sensible” dagoela eta barandila “garbi” nahiago zutela.

– Guk gure artean hitz egin eta iruditu zitzaigun danborradarako ez zuela arazo teknikorik sortzen pankartak (beste urteetan beste pankarta batzuk egon izan dira), eta hor erdian egoteko beharra ikusten genuela. Alkateari, gure artean hitz egin eta kaso egingo geniola esan genion, baina berarengana joaterako pankartak baztertuta zeuden.

– Hizketaldi baten ondoren, gatazkarik ez zuela nahi eta ados, berriro erdira mugituko zituztela. Gezurra! Hitza eman bai, baina ez zituzten mugitu.

– Gero, danborradan, Udal Gobernuaren jokaera salatzeko, bandera batzuk pankartaren atzean jarri ziren, eta zinegotzi batek banderak hortik bidaltzeko ahalegina egin zuen.

Udal Gobernuaren jarrera penagarriaren aurrean herritarren jarrera txalotu nahi dugu. Bandera batzuk pankartaren atzean jartzeaz gain, danborradako talde bat plazatik irten eta pankartaren azpira mugitu zen, eta erasoen aurkako oihuak ere entzun ziren hainbat danbor joleen ahoetatik.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend