Mekatronika Industriala ziklo berria eskainiko dute Izarraitz Lanbide Eskolan

2018-2019 ikasturtean, goi mailako Mekatronika Industriala eskaintzen hasiko dira Azkoitiko Izarraitz Lanbide Eskolan. Muntaia eta mantenu mekanikoa ditu ardatz ziklo berriak, eta makina erreminta sektorean lan egiten duten eskualdeko enpresetan aritzeko baliagarria izango da.
Urola Erdiko udaletako alkateak, enpresetako ordezkariak, Hezkuntza saileko ordezkariak eta Iraurgi Berritzeneko arduradunak. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Urola Erdiko udaletako alkateak, enpresetako ordezkariak, Hezkuntza Saileko ordezkariak eta Iraurgi Berritzeneko arduradunak. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Datorren ikasturtean, zikloei dagokienez eskaintza zabalduko dute Izarraitz Lanbide Heziketan. Hala, 2018-2019 ikasturtean, goi mailako Mekatronika Industriala eskaintzen hasiko dira Azkoitiko eskolan. Muntaia eta mantenu mekanikoa ditu ardatz ziklo berriak, eta makina erreminta sektorean lan egiten duten eskualdeko enpresetan aritzeko baliagarria izango da. Lanbide eskolako zuzendari Eduardo Suduperen esanetan, eskualdeko enpresek “eskatu” zieten “profil hori duten ikasleak behar” zituztela. Eskaera horri erantzunez, Urola Erdiko enpresen, sei udalen, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren eta Hezkuntza Sailaren elkarlanari esker, lortu dute ziklo berria Izarraitz Lanbide Heziketaren eskaintzara gehitzea.  Gaur eguerdian aurkeztu dute Mekatronika Industriala zikloa Izarraitz Lanbide Eskolan, eta agerraldian izan dira Urola Erdiko sei udalerritako alkateak, Glual eta Juaristi enpresetako ordezkariak, Hezkuntza saileko ordezkariak eta Iraurgi Berritzeneko arduradunak.

Izarraitz Lanbide Heziketako “lan talde guztiari eskerrak” emanez hartu du hitza Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, eta adierazi du azken urteetan “aldaketa sakonak jasaten eta apustu gogorrak egiten” ari den zentroa dela Izarraitz. Etxeberriak gaineratu du mekanikaren arloan inbertsioak egitea eta bailarako gazteentzat beste ziklo berri bat eskaintzen hastea “benetan eskertzekoa” dela. Denboran atzera egin, eta Azpeitiko alkateak gogoratu du, 2012an, “krisi garai latzean”, eragile desberdinak elkarlanean  hasi zirela plan estrategikoa garatzeko, eta zentzu horretan, Etxeberriak esan du, “hezkuntza eta formakuntza arloak sustatzea oinarrizkoa eta garrantzitsua” dela, eskualdearen etorkizuna “bermatzeko”.

Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak ere “esker hitzak” izan ditu gaurko agerraldian. “Non gauden eta zer behar ditugun jakinda, eta [behar] horiei erantzuteko Lanbide Heziketa bezalako baliabide egokia edukita, plater ederra lortu da. Sukaldari eta osagai onak izanda, emaitza ere halakoa lortu da”. Zubizarretaren esanetan, Mekatronika industriala ikasten duten neska-mutilek lan mundura jauzi egiteko “bermea” izango dute.

Zestoako alkate Josetxo Mendizabal ere “oso pozik” agertu da, eta adierazi du, Izarraitz Lanbide Heziketako Sudupe zuzendaria ezagutu zuenean ziklo berria sustatzeko hark zuen “ilusioa kutsatu” ziola berari. Mendizabalek dio, Azkoitiarekin edo Azpeitiarekin alderatuz gero, langabeziari dagokionez Zestoa “okerrago” dagoela, baina aurkeztu berri duten zikloak bailarako industria enpresen eskaerari “erantzuten” diola, eta zentzu horretan, Urola Erdiko gazteek ikastera kanpora joan beharrik  izan gabe, aurrerantzean eskaintza “indartsua” izango dutela eskualdean bertan.

Errezilgo alkate Xebero Agirretxek ere ez du hutsik egin gaurko aurkezpen ekitaldian, eta adierazi du, beraiena landa guneko herri txikia izanik, “ohorea” dela halako proiektu “interesgarri” batean parte hartzea. “Honaino iristeko, atzetik lan asko egin dute hainbat eragilek, eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei”.

Datuak, zenbakitan

Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobidek hainbat daturen berri eman du, eta besteak beste, adierazi du Urola Erdian 500 enpresa daudela, eta afiliatutako enpresa horien %41 industriaren arloan aritzen direla. Beobideren esanetan, datu hori “oso adierazgarria” da, eskualdearen “izaera irudikatzen” baitu. Izan ere, Gipuzkoan afiliatutako enpresen %22 aritzen dira industriaren arloan. Iraurgi Berritzeneko zuzendariak adierazi du eskualdeko 500 enpresetatik 36rekin egin dutela ikerketa lana, eta azterketaren emaitzek erakusten dutela hiru urteko epean 202 lanpostu sortzeko aukera dagoela. Haietatik 143 posturi ziklo berri honek erantzun beharko diola ere azaldu du Beobidek. Era berean, garapen agentziako zuzendariak gaineratu du, une honetan, Iraurgi Berritzen enplegu zentroan 102 lan eskaintza ari direla gestionatzen, eta haietatik 48 industriaren arlora bideratutakoak direla. 48 postu horietatik hemeretziri, berriz, formakuntza berriak emango lioke erantzuna.

Ikasketa joerei dagokienez, Beobidek adierazi du, DBH 4. maila bukatzen duten ikasleen %15 joaten dela Lanbide Heziketara Urola Erdian. Haietatik bi herenek hautatzen dute industriaren arloa. Eta batxilergoa bukatzen duten ikasleen %25 joaten dira Lanbide Heziketara.

Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak hartu du hitza, eta adierazi du, eskolaren erronka “nagusiena” emakumeak lanbide heziketara animatzea dela. Izan ere, lanbide heziketako ikasleen %15 baino ez dira emakumezkoak, eta une honetan ez dago emakume bakar bat ere industriaren arloan. Sudupek gogoratu du, datorren asteazkenean, hilaren 16an, ate irekien eguna egingo dutela Izarraitz Lanbide Heziketan 09:00etatik 20:00etara, eta bailarako gazteak deitu ditu jardunaldian parte hartzera.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend