Arroabean ere hasi dira ekainaren 10eko giza katerako izen-ematearekin

Hainbat arroar iazko maiatzaren 7ko herri galdeketaren egunean.

Gure Esku Dagok ekainaren 10erako antolatu duen giza katea Arroabetik pasatuko da, eta arroarrei, hain zuzen ere, hantxe egokitu zaie kilometroa. Jazz Berri aretoaren eraikinaren aurreko errepidean izango dute zita arroarrek, eta dagoeneko eman dezakete horiek giza katerako izena. Atzo hasi ziren izen ematearekin, eta datorren ostiraleko San Isidroetako sagardo eta ardo dastaketan izango dute arroarrek berriz ere izena emateko aukera. Herritarrek bost euro ordainduta, zapia eskuratuko dute. Arroabeko Festa Batzordeak jakinarazi duenez, egun horretan izena ematerik ez duenak taldeko norbaiten bidez inskribatu ahal izango du.

Bestalde, ekainaren 10ean Eskola Txikien Festa izango da Oikian, eta Arroako Festa Batzordeak giza katearen ostean hara joateko deia egin die herritarrei. Izan ere, iaz Arroabean egin zuten Eskola Txikien Festa, eta batzordeko kideek diotenez, arroarrek badakite “egun hori zer garrantzitsua den, antolatzea zenbat kostatzen den, zer ilusio egiten duen jende asko joateak, eguna ondo ateratzeak…”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend