Ikusmina piztu zuen atzo ‘Z U L O’ film laburraren emanaldiak Zestoan

Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren atzoko saioan. (Mireia Galarza)

Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren atzoko saioan. (Mireia Galarza)

Etxean eman zuten atzo Z U L O film laburra. Izan ere, Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Erika Olaizola azpeitiarrak zuzendutako film laburra ikusi ahal izan zuten atzo arratsaldean dozenaka lagunek Zestoako Kultur Etxean. Portale kultur elkarteak antolatutako emanaldian giro ederra izan zen, eta bertaratutako lagunek Erika Olaizola zuzendari nahiz aktorearekin eta Mikel Ibarguren aktore zestoarrarekin hitz egiteko aukera izan zuten. 

Iazko urte bukaeran estreinatu zuten lana, eta argitara atera zenetik ibilbide oparoa izan du Z U L Ok. Izan ere, hainbat sari jaso du film laburrak. Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran jaso zuen: Amateur mailako film labur onenaren saria lortuta, urrezko antzararekin itzuli ziren herrira. Haren ostean iritsi zen Bilboko 59. Zinebi jaialdian eskuratutako euskal zuzendari onenaren saria. Olaizolaren, Gaztañagaren eta Ibargurenen nahia zen Laburbira film laburren zirkuituan parte hartzea, eta halaxe izan zen: 2018ko Laburbira egitasmorako aukeratu zuten Z U L O. Gainera, martxoan bi sarirekin itzuli zen Z U L O film laburra 11. Huezinema jaialditik.

Honako lotura honetan irakur daiteke Z U L O lanari buruz Gipuzkoako Hitzak argitaratutako erreportajea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend