Madariagako auzotarren topaleku berria inauguratu dute San Isidro Egunean

Gaur, San Isidro egunean, festa egun handia dute Azkoitiko Madariagako bizilagunek, baina aurten, are bereziagoak dituzte jaiak. Izan ere, ohiko prozesioaren eta mezaren ostean, auzotarren topaleku izango den txokoa inauguratu dute eguerdian dozenaka lagunek, udaleko ordezkariekin eta Felix Azurmendi Azkoitiko erretorearekin batera.

Udalak Madariagako ferratokia berritu egin du, eta eraikina hango auzotarrentzat elkargune izango da aurrerantzean. Hainbat espazio du 120 metro koadroko bilguneak: sukaldea, bilera gera, bainugela, informatika gela eta biltegia, eta han elkartutakoek bertatik bertara ikusi nahi izan dituzte elkarguneko azpiegitura guztiak. Miguel Angel Bastida udaleko zinegotziak eta Madariagako bizilagunak adierazi duenez, duela bederatzi urte inguru hasi ziren halako topaleku bat sortzeko bilerak egiten. “Auzotarrok apenas ezagutzen genuen elkar, eta halako leku baten falta zegoen”, esan du.

Javier Zubizarreta alkateak adierazi duenez, “guztien artean jarri den ahaleginaren ondorioz” egin dute elkargunea, eta haiek erakutsi duten “indarra” topalekuan isla dadila esan du. “Elkargunea auzotarren gozagarri izan dadila eta haien artean egoten diren liskarrak konpontzeko balio dezala espero dut, Madariagako auzoak bizirik eta zoriontsu jarraitu dezan”.

Bastidaren arabera, auzotarrek “betitanik” erabili duten lekua izan orain haien topaleku izango dena: “Garai batean, kamioiek pentsua eraikin honetan uzten zuten, eta hemendik banatzen zen gero baserrietara. Eraikinaren atzealdean, berriz, ferratokia zegoen”. Izatez, Azkoitiko Parrokiarena da eraikina, eta elkargunea eraikitzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta parrokiak. Bastidak adierazi duenez, erretorea, azken urteetan, auzoko baserri guztietan izan da, bailararen egoeraren berri izateko. Egoeraren jakitun, parrokiak eraikina utzi die auzotarrei, eta, zentzu horretan, Bastidak eskerrak eman dizkio Azurmendiri. “Auzotarrekin pentsatuta egin zen eraikin hau. Beraz, auzoaren zerbitzura jarri gara orain ere, eta lortu da”. Lanak 151.480,01 euroko aurrekontua izan dute, eta horietatik 107.070 euro Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetatik finantzatu dute. Gainontzeko dirua, berriz, udalak ordaindu du.

Topalekua bedeinkatuz amaitu dute inaugurazio ekitaldia, eta, ondoren, dozenaka lagunek hamaiketakoa egin dute auzoko taberna zen lekuan. Joan den ostireletik, sanisidroetan murgilduta izan dira Madariagan, eta gaur amaituko dituzte festak.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend