Passepartout: “Beti zerbait berriaren bila ari gara, bestela aspertu egiten gara”

Azkoitiko Passepartout musika taldeak 'Sinergia' diskoa aurkeztuko du ostiralean, Baztartxo antzokian, 22:30ean hasita. "Sekulako kontzertua izango da, eta etortzen denak disfrutatuko du", baieztatu dute. Sarrera doan izango da.
Passepartout

Passepartout taldeko musikariak. (Argazkia: Passepartout)

“Beti zerbaiten bila ari gara, bestela aspertu egiten gara”. Hala baieztatu du Tomas Lizarazu Azkoitiko Passepartout taldeko musikariak. Oraingoan ere badute eskuartean aspertzearekin zerikusirik ez duen kontu bat: hain zuzen ere, Sinergia disko berria aurkeztuko dute ostiralean, Baztartxo antzokian. Kontzertu berezia izango da, estreinakoa izateaz gain, hainbat kolaboratzaile izango dituztelako lagun oholtzan: batetik, Bizkargi abesbatzak zuzenean kantatuko du, eta, bestetik, Ane Lizarraldek –Ruben Lizarralde taldekidearen alabak– biolina joko du.

Disko berriko kantuek izango dute emanaldian presentziarik handiena, baina maketako doinuak ere taularatuko dituzte, baita zuzenekoetan soilik jo ohi dituzten beste kantu batzuk ere. Baztartxo antzokiko ezaugarrietara egokitu dituzte abestiak, eta argiak eta soinu teknikaria beraiek eramango dituzte. Denetarik entzun ahalko da ostiraleko zuzenekoan: “Kanta lasaiak, indartsuagoak…”.

Aspaldian buruan zerabilten Passepartout taldeko musikariek Baztartxon kontzertu bat ematea, eta, azkenean, animatu dira, Xabier Arrieta taldeko bateria jotzaileak azaldu duenez: “Matadeixe gure etxea bezala da, eta han egitea izango zen errazena, baina zerbait ezberdina egin nahi genuen”. Dena den, bada taldekideei “arraroa” egiten zaien gauza bat: “Jendea eserita egongo da emanaldian, eta horrek ematen digu beldurrik handiena. Ikusleak zutik daudenean jaso ohi dugun feedback hori faltako zaigu”. Horregatik, zuzenekora “askoz hobeto prestatuta” joan beharra dagoela azaldu dute, “jendea oso adi egoten delako”. Horren harira, ohi baino entsegu gehiago egiten ari dira musikariak.

600 bat lagun sartzen dira Azkoitiko antzokian, eta Passepartout taldeak herritarrak gonbidatu ditu ostiraleko emanaldira. “Sekulako kontzertua izango da, eta etortzen denak disfrutatuko du”. 22:30ean hasiko da zuzenekoa, eta sarrera doan izango da. Ordu eta erdi inguru iraungo du saioak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend