Haritz Saez: “Ilunpe Euskal Herriko pilota eskolarik onenetarikoa delakoan nago”

Gipuzkoako Pilota Federazioko eskuzko pilota arduraduna da Haritz Saez (Amezketa, 1973) Azpeitiko bizilaguna. Gipuzkoako pilotaren mundua osasuntsu dagoela uste du, baita Azpeitikoa ere.
Haritz Saez Gipuzkoako Pilota Federazioko kidea. (Julene Frantzesena)

Haritz Saez Gipuzkoako Pilota Federazioko kidea. (Julene Frantzesena)

Nolatan aukeratu duzue Azpeitia Pilota Eguna egiteko?

Aurreko urtean Donostian egin genuen egun horren lehen edizioa, tokiak baldintzak betetzen zituelako. Aurten, berriz, handik atera egin nahi genuen eguna. Azpeitiak aukerak ematen zituen bertan egiteko, eta Ilunpek azken urteetan eskuzko pilotan garaipen ugari lortu dituenez, herri interesgarria iruditu zitzaigun. Udalarekin jarri ginen harremanetan, eta berehala jaso genuen baiezkoa. Bestalde, pilota familia guztia elkartzea nahi izaten dugu egun horretako herri bazkarian, eta Azpeitiak horretarako aukera paregabea eskaintzen du Azoka Plaza berritu delako.

Nolakoa da pilotaren egoera Azpeitian?

Batez ere, eskuzkoaren berri daukat nik, eta mutiletan egoera oso onean dago pilota. Azpeitiak harrobi handia dauka, eta Ilunpe Euskal Herriko pilota eskolarik onenetarikoa delakoan nago. Irakasleek maila izugarria dute, boluntarioak direla kontuan izan behar da, eta horrek are meritu handiagoa ematen die. Gainera, nesken pilotan gero eta lan gehiago ari dira egiten, gero eta neska gehiago aritzen da pilotan, eta oro har, izugarrizko maila dago. Ilunperi falta zaiona da pilotari bat profesionaletara iristea. Izan ere, herriak behar du erreferente bat pilotan, eta Azpeitian hori gertatzen den egunean –epe motzean izango dela uste dut–, beste salto bat emateko aukera izango du Ilunpek.

Epe motzean profesionalen bat izango dela diozunean, zer esan nahi duzu?

Izenik ez dut emango, baina badira aukerak dituzten pilotariak. Mutil batzuk ari dira enpresekin entrenatzen dagoeneko, eta Azpeitian egiten den lanak hainbeste merezi duela eta hainbeste emango duela uste dut.

Pilota afizio handia dago Azpeitian, eta frontoi ugari ere bai. Herrian frontoi asko izatea pilotari asko egotearekin lotuta al dago?

Ez, inolaz ere ez. Azkoitiak ere frontoi pila bat ditu, baina azken urteotan han ez da arrastorik atera. Lana egitea da gakoa, baina batzuetan lana eginda ere ez da etortzen emaitzik. Eta Azpeitian emaitza ez da etorri zortzi frontoi daudelako, emaitza Frontoi Txikitik atera da.

Nolakoa da Gipuzkoako Federazioaren egoera?

Kirol mailan oso ona; izan ere, klub asko lan oso txukuna egiten ari dira. Eta guk hori kudeatzeko zortea dugu. Gustura gaude, lantalde oso ona dugu, baina arazo ekonomikoak ditugu. Federazioko kideok boluntarioak gara, lau langile ere baditu taldeak, eta hil bukaerara iristeko lanak izaten ditugu, ez baitugu diru laguntzarik jasotzen. Ez zait egoera justua iruditzen, baina hori da egoera erreala. Egoera hobeagoetan egonak gara, txarragoetan ere bai, eta pixkanaka bagoaz hobetzen.

Pilota elkarte ugari dago Gipuzkoan.

Ia herri guztietan daude pilota elkarteak, txikiagoak edo handiagoak herriaren tamainaren arabera. Ume ugari dabil pilotalekuetan. Azpeitia ikusi besterik ez dago, haurrak ez dira kabitzen Frontoi Txikian. Dena den, pilota oso gogorra da, 14 urtetik gorakoentzat oso sakrifikatua, ia bakarkako kirola delako.  Eta zaila da hortik aurrera egitea, baina posible da, eta Gipuzkoan pilota egoera onean dagoela esango nuke.

Gipuzkoan pilotari gazte ugari dabil punta-puntan.

Sekula egon den gehiena, kantitatez ez igoal, baina proportzioan bai. Onenen artean daude Jokin Altuna, Iker rribarria, Beñat Rezusta, Jon Ander Albisu, Erik Jaka, Xabier Tolosa…, eta Gipuzkoako pilota urte batzuetarako bermatuta dagoelakoan nago.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend