Jon Mendia: “Hamabi urte egon naiz bizikletarik ukitu gabe”

Jon Mendia txirrindulari zestoarra bolada onean dabil: Rompepiernas proban lehen postua eskuratu berri du, 188 kilometro sei ordutan eginda. "Gustura" dago lortutakoarekin.
Jon Mendia txirrindularia

Jon Mendia txirrindularia, Rompepiernas proban. (Argazkia: Rompepiernas)

Jon Mendia txirrindularia (Zestoa, 1976) “pozik” agertu da joan den maiatzaren 6an Aragoiko (Espainia) Rompepiernas txirrindularitza proba irabazi ondoren. “Esperientzia gogorra” izan zela dio, baina “inoiz baino indar gehiagorekin” sentitzen dela.

Lehen aldiz parte hartu al duzu Rompepiernas proban?
Ez, guztira zazpi edizio izan dira, eta nik, aurtengoarekin, horietako lautan parte hartu dut. Aurreko urteetako probak hamargarren postuaren inguruan bukatu nituen, baina aurten, zorte gehiago eduki dut, eta lehen postuarekin itzuli naiz etxera.

Gogorra izan al da?
Bai, errepideak oso estuak eta aldapatsuak dira. Gainera, proba antolatzen den lekua oso haizetsua da, eta horrek zaildu egiten du helmugara azkar iristea.

Haimar Zubeldia txirrindulari profesional ohiak hirugarren egin zuen, eta zuk aurrena. Nola baloratuko zenuke hori?
Oso pozgarria da niretzat. Helmugarako 40 kilometro falta zirela egin nuen ihes. Zubeldiak atzetik jarraitu zidan eta biok batera segitu genuen bidea. Niretzat, ordea, txirrindulari profesionala ez naizela kontuan hartuta, saririk potoloena Zubeldiaren mailako txirrindulari batekin proba amaitzea izan zen.

Beraz, pozik egongo zara lortutakoarekin…
Bai. Horrelakoetan badakigu, gehienetan behintzat, [Aitor] Quintana edo [Carlos] Pacios moduko txirrindulari profesionalen aurretik bukatzea zail samarra dela. Aurten, hala ere, ni izan naiz horiek atzean utzi dituena.

188 kilometro egiteko sei ordu behar izan zenituen. Denbora asko dela esan al daiteke?
Beste urteetan irabazleak denbora hobea lortu izan ohi du. Aurten, ordea, istripu bat gertatu eta proba gelditu behar izan zuten. Berriro hasi baino lehenago, hogei minutu inguru egon ginen geldirik, eta horregatik egin nuen proba sei ordutan.

Nola prestatzen zara lasterketetarako?
Neguan hasten naiz probak prestatzen, eta neure kasa ibiltzen naiz gimnasioan edo bizikleta estatikoan. Horrez gain, bidegorrian ere asko ibiltzen naiz. Izan ere, bidegorrian ibiltzeak arriskuak saihesten laguntzen digu bizikletan arratsaldez ibiltzen garenoi, neguan arratsaldez ilun egoten baita.

Aspalditik al datorkizu bizikletarako afizioa?
Betidanik. Gazte-gaztetatik ibili izan naiz txirrindularitzaren munduan, eta sari bat edo beste lortu izan dut. Dena den, 23 urte inguru nituela utzi egin nuen txirrindularitza, eta hamabi urte egon naiz bizikletarik ukitu gabe. Azkenengo hamar-hamabi urteetan, ordea, berriro eutsi diot nire txikitako afizioari.

Ba al dago urtero errepikatzen duzun probarik?
Bai. Apirilean Baiona-Donostia proba egiten dut; gero, maiatzean, Rompepiernas. Zarautzen Haimar Zubeldiaren omenez egiten den proban parte hartzeko ohitura ere badut, baita asteburu berean Gasteizen antolatzen den Orbea Gran Fondo proban ere. Eta Quebrantahuesosen parte hartzeko joera ere badut.

Eta etorkizunerako erronkarik ba al duzu?
Quebrantahuesos proban aurreko urteko marka hobetzea; 5 ordu eta 50 minutu ingururen azpitik amaitzea, alegia. Proba horretan Frantziako, Espainiako zein beste leku askotako kirolariek parte hartzen dute, eta gutxi gorabehera, 10.000 lagun elkartzen gara. Hori dela eta, lehenengo postuetan sailkatzea nahikoa zaila da.

Rompepiernas gisako lasterketa bat irabazi ondoren, norbaitekin oroitzen al zara?
Bai. Esan beharra dut arropa guztiak Exclusivas Mardu enpresak uzten dizkidala, eta haien laguntzarik gabe askoz ere zailagoa izango litzatekeela probetan parte hartu ahal izatea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend