Kurt Diemberger: “Pasatutakoak pasatuta, ez dakit zergatik jarraitzen dudan bizirik”

Kurt Diemberger alpinista mitikoa Azpeitian da. Bere bizitzaren inguruko dokumentala emango dute bihar Soreasun, 21:30ean, eta han izango da bera, Alex Txikonekin batera.
Kurt Diemberger

Kurt Diemberger, Azpeitian. (Argazkia: Yuri Agirre)

Eskuin eskuko hiru hatz falta zaizkio; mendian igarotako estutasunen seinale. Curriculuma ere ez du nolanahikoa: berak zapaldu zituen aurrenekoz aurrez inork igo ez zituen bi zortzimilako, eta, guztira, 8.000 metrotik gorako sei menditan izan da. Munduko gailurrik garaienak kamera hartuta ere filmatu ditu, eta hainbat liburu argitaratu du. Zerbaitegatik diote “alpinismoaren mito bizia” dela. 86 urte ditu Kurt Diembergerrek (1932, Villach, Austria), eta Azpeitian da, bere bizitzaren inguruko dokumentala aurkezteko. Pasatutakoak pasatuta, bizi-bizirik jarraitzen du. Bilboko Mendi Film Festival jaialdian berari emango diote 2018ko sari nagusia.

Bi zortzimilako lehen aldiz igo zituen eta bizirik dagoen pertsona bakarra zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Gaztaro guztian izan nuen Himalaiara joateko ametsa. Zorte handiz, Herman Buhlekin topo egin nuen, eta Broad Peak igotzera gonbidatu ninduen. Aurrez ez zuen inork zapaldu zortzimilako mendi hori, eta alpino estiloan igo genuen; xerparik gabe eskalatu genuen, baina mendira iristeko izan genuen haien laguntza. Gero, suitzar batzuek Dhaulagiri mendia lehen aldiz igo nahi zuten; gonbidatu egin ninduten, eta beraiekin joan nintzen. Oxigenorik gabe igo genuen mendia, 1960ko maiatzaren 13an. Urte asko pasatu ostean, nik eta Julie Tullisek, nire kide eta lagun onak, mendiko filmak egiteko munduko talde gorena osatu genuen.

Zergatik hasi zinen mendian filmatzen?
Han goian zoriontasuna nolakoa den kontatzea nahi nien behean daudenei, umeek eta umeak ez direnek ikus dezaten nolakoa den bizitza han goian. Hamasei milimetroko formatuan grabatzen genituen filmak. Everesteko lehen pelikula soinuduna ere egin nuen.

Ekonomia eta finantza arloetako irakaslea zinen, eta lana utzi zenuen zure benetako pasioagatik: mendiagatik.
Bai. Bost urte eman nituen horretan, eta kontabilitatea ez zela niretzat egina konturatu nintzen. Pioletak eta jaka horia hartu nituen, eta mendira joan nintzen. Horrela hasi nintzen argazkiak ateratzen eta grabatzen, eta horrela aritu nintzen urte askoan. Zortzimilakoetako kameraria izan naiz, Julie Tullisen ondoan.

K2 mendira egindako espedizio batean galdu zenuen Julie Tullis.
Mendia oso arriskutsua da. Zoriontasuna ematen digu, baina bizitzak ere kentzen dizkigu. Haize handia zegoen, eta K2ra joan ginen zazpi lagunetatik bost hil egin ziren, tartean, Julie Tullis. Baina nire bihotzean beti dago bera, eta pelikulak egiten jarraitzen dut. Dena den, orain ez dut hainbeste filmatzen, eskuetako hatzak galdu bainituen K2n, eta, gainera, 86 urte ditut. Energia badut, baina ez duela hogei urte nuen adina.

Zer harreman duzu orain mendiarekin?
Eskiatzeko bastoiak hartzen ditut, eta ibiltzera joaten naiz. Orain, Bolognan, Italian, bizi naiz, eta han badira 1.000 metro inguruko mendiak. Horietan ibiltzen naiz. Eta horrela nabilela, aurrez izanda nagoen mendi altuagoekin pentsatzen dut.

Ja ez duzu beste zortzimilakorik igoko…
Ez, ez, orain ja ez. Orain pentsatu eta liburuak idazten ditut.

Zazpigarren zentzumenaren inguruko liburu bat idatzi duzu. Zer da zuretzat zazpigarren zentzumena?
Pertsonek amets batzuk dituzte. Amets horiek betetzeko borondatea behar dute, eta hori da zazpigarren zentzumena. Baina badute seigarren zentzumena ere, eta horrek esaten die: “Kontuz!”. Mendian ibiltzeko gakoa da zazpigarren zentzumenari entzutea, baina baita seigarrenari ere. Jakin behar da noiz jarraitu aurrera, eta noiz jaitsi behera.

Zazpigarren zentzumena ez da ondo portatu izan zurekin…
Ez da batere sinplea kontua. Zortea ere hor dago, eta zorteak ez du seigarren eta zazpigarren zentzumenik. Eta zorteak batzuetan esaten du: “Pum!”. Batzuetan aingeru guardakoaren laguntza behar duzu, eta nik uste dut askotan nire bizitzan aingeru guardako batek lagundu didala.

Estutasun ugari pasatu duzu mendian, eta gertuko bat baino gehiago galdu ere bai. Zergatik jarraitzen duzu oraindik bizirik?
Ez dakit, eta askotan pentsatzen dut: “Zergatik? Zergatik nago bizirik? Zergatik hiltzen dira besteak?”. Pasatutakoak pasatuta, ez dakit zergatik jarraitzen dudan bizirik. Ziurrenik, 8.050 metrotara zaudela eta gailurra oso gertu duzula, zazpigarren zentzumenak esaten dizu: “Jarraitu, jarraitu”. Baina, gero, seigarren zentzumenak esaten dizu: “Jaitsi”. Momentu horretan, elur plaka bat etorri zen gugana. Erori egin ginen, baina bizirik jarraitu genuen. Aingeru guardakoak lagundu zigun bizirik jarraitzen. Beherago, 8.000 metrotara, haize handia zegoen, eta berriro aingeruak lagundu zigun. Baina zazpi pertsonatik bost hil egin ziren. Oso gauza konplexua da; zazpigarren zentzumenaren, seigarrenaren eta aingeruaren artean dago kontua. Horrelakoa da mendia, baina mendirik gabe ezin da bizi. Nik ezingo nuke mendirik gabe bizi.

Mendiak denetarik eman dizu. Zer izan dira gehiago, pozak ala penak?
Biak.

Ba al dago besteek baino errespetu gehiago ematen dizun mendirik?
Mendi guztiei diet errespetua. Nire bizitzan eta K2 mendian pentsatzen jartzen naiz, eta errespetu handia ematen dit mendi horrek. Nanga Parbati ere errespetu handia diot; nahikoa gora joan nintzen, baina ez gailurreraino. Kanchenjungara joatea ere gustatuko litzaidake, bost gailur polit dituelako, baina soilik urrunetik ikusi ditut. Bizitza ez da nahikoa luzea nahi dudan guztia egiteko.

Beste 86 urte bizi beharko duzu.
Bai, bai [barrez].

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend