Ainhoa Arregi: “Gure umeez harro gaude, ez ditugu armairu barruan ezkutatuko”

Chrysallis elkarteko kidea da Ainhoa Arregi (Getaria, 1972) Zarauzko bizilaguna. 11 urteko alaba transexuala dauka, eta astelehenean Zarauzko mahai inguruan bere esperientzia kontatuko du.
(Argazkia: Aritz Mutiozabal)

(Argazkia: Aritz Mutiozabal)

LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, eta eskualdean hainbat ekitaldi egingo dituzte egunotan.

Zerk animatu zaitu mahai inguruan parte hartzera?
Jakinarazi nahi dut badela errealitate hau, lagundu nahi diegula beste gurasoei, gu bezala hasieran shock egoeran gelditzen direlako, galduta, nora jo jakin gabe. Eta, erakutsi nahi dut gure umeez harro gaudela, ez ditugula armairu barruan ezkutatuta uzten. Naturaltasunarekin bizitzea nahi dugula. Nor bere bizitzaren jabe dela eta bakoitzari bizitzen utzi behar diogula.

Esan duzu beste gurasoei laguntzeko zaudetela.
Bai. Zarautz inguruan bateren bat badago egoera horretan, etorri dadila lasai.

Chrysallis elkarteko kidea zara. Zertan lagundu dizu zuri?
Niri asko lagundu zidan beste guraso batzuekin hitz egiteak eta ikusteak ez nintzela bakarra. Nire beldurrak ez zirela nireak bakarrik, eta ez nengoela zoratuta. Horrek asko lasaitu ninduen. Euskal Herrian 84 familia gaude, nor bere errealitatearekin, eta laguntza oso gertukoa da. Batzuek, nireak bezala, bi urterekin esaten du, eta beste batzuk, berriz, hamabost urterekin, nerabezaroan.

Haurrak bi urte zituenetik dakizu, hortaz, zuk.
Bai, hitz egiten hasi zenetik. Berak inoiz ez du esan ni mutila naiz. Hitz egiten hasi zenean, nik zertarako daukat pititoa esaten zuen. Noiz eroriko zait pititoa? Eta pototina etorri?. Zu gelditzen zara… Ume honek zer daki sexuaz bi urterekin? Harritu egiten zaitu. Eta egunero-egunero esaten dizunean ea noiz eroriko zaion pititoa… Hasieran pentsatzen duzu etapa bat dela.

Baina ez da etapa bat.
Ez. Denbora pasatu eta berdin jarraitzen du umeak. Eta, gero, gogoratzen hasten zara: urtebeterekin-eta, beti zakilari tiraka ibiltzen zela. Mutilak zituzten beste gurasoei galdetu ea beraienak horrelakorik egiten zuten, eta ezetz. Eta pentsatzen hasten zara jaiotzetik pentsatzen duela, nolabait, soberan sentitzen duela. Orain ulertu egiten dut, baina hasieran Woody Allenen film bat zirudien, surrealista zen.

Bi urte zituenetik hona, zein izan da ibilbidea?
Lau urte zituenean, elkartekoei komentatu nien nire umea neska sentitzen bazen, neska bezala jantzita eramango nuela eskolara. Eta esan zidaten oso garrantzitsua zela ordura arte egiten ari nintzena egiten jarraitzea; alegia, umeak berak markatzea denbora. Izan ere, umeak hasieratik oso kontziente dira gizartearen kontra doazela eta oso desberdinak direla. Beraz, zama hori gainean daramate.

Pausoak emateko prest egon behar dute, hortaz.
Bai. Nik esaten nion: Ane, nahi duzu geuk etxean Ane esan eta kalean Ur izatea? Eta berak baietz, kalean Ur bezala segituko zuela, baina etxean Ane. Denbora oso garrantzitsua da, zuk babesten duzun arren, zama berak eraman behar duelako. Ekairena hor dago [bere buruaz beste egin zuen nerabe transexuala]. Haren gurasoek erabat onartzen eta babesten zuten, baina azkenean, zama beraiek daukate.

Eta noiz iritsi zen aldaketa?
Iaz, berak esan zigun: ama, Ur kanpora. Nik eskolan urtero abisatzen nien irakasleei, egunen batean aldaketa egingo genuela. Iaz egin zuen, eta zoriontsua da. Pila bat askatzen dira. Lehen bizi zen hilda; orain beste pertsona bat da. Altuagoa dirudi, segurtasunarekin ibiltzen delako. Lehen uzkurtuta ibiltzen zen. Ez zuen inorekin hitz egin nahi izaten, denek mutil ikusten zutelako, bera neska izan arren. Orain, berriz, dena emanda dabil. Bere ile luzearekin ibiltzen da, arropa arrosa-arrosarekin, eta asko markatuz neska dela. Normala da, zer den aldarrikatu nahi du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend