Ibilbidea aldatuta, Elosuan jokatuko dute aurtengo Azkoitiko Rallysprinta

14:30ean hasiko da proba, eta zazpi kilometrotako hiru manga egingo dituzte izena emanda dauden 51 pilotuek. Antolatzaileek dei berezia egin die zaleei, leku seguruetan eta garaietan koka daitezen.
IMG_2827

Lasterketaren antolatzaileak eta laguntzaileak, atzo, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Rallysprintak hamar urte beteko ditu aurten, eta, urteurren borobilean, aldaketa ugari izango du etzi jokatuko duten lasterketak. Izan ere, Azkarate mendateko errepide zaharretik egin beharrean, pilotuek Elosuako errepidean gidatuko dituzte autoak. Gainera, aurreko edizioetan baino ibilbide motzagoa izango dute aurten, antolatzaileek zazpi kilometroko bidea prestatu baitute.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten proba Jon Zubiaurre lasterketa antolatzen duen Errebueltie taldeko kideak, Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioaren presidenteak eta IƱigo Cuesta Gipuzkoako Federazioaren presidenteak eta lasterketako zuzendariak. Jakinarazi zutenez, 14:30ean hasiko da proba, Elosuako bidegurutzetik. Handik Aitzarra baserrira iritsiko dira, eta Aizpurutxo auzora hartuko dute gero. Handik, kilometro batera amaituko dute ibilbidea, eta halako hiru manga egingo dituzte. Behin lasterketa amaitutakoan, Plaza Berrira joango dira auto guztiak.

Egiaztatze administratiboak plazan egingo dituzte, 09:30etik 11:30era bitartean, eta zaleek 13:45ak bitartean izango dute autoak ikusteko aukera. Izan ere, orduan abiatuko dira autoak lasterketa gunera, banan-banan, minutu bateko aldearekin. Errepidea, berriz, proba hasi baino ordubete lehenago itxiko dute, eta oinezkoek 15 minutu lehenago ezin izango dute handik igaro. Hori hala izanik, zaleek autoak Ipintza auzoan edo Altzibarko industrialdean utzi ditzatela gomendatu dute antolatzaileek.

Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako laugarren proba puntuagarria izango da larunbatekoa, eta 51 pilotu lehiatuko dira bertan. Horien artean izango dira Enrique Barrenetxea, Aingeru Castro eta Mattin Villares pilotuak, lasterketa irabazteko faborito nagusiak, eta eskualdeko honako pilotu hauek ere lehiatuko dira Azkoitian: Ekain Eizagaetxeberria getariarra, Jokin Aiertza, Jon Arregi, Iban Etxaniz, Gari Zubizarreta eta Iokin Agirre azpeitiarrak, Gurutz Agirretxe errezildarra, Iraitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia azkoitiarrak, Jon Urtiaga zumaiarra eta Jagoba Otaegi zestoarra.

Cuestak zein Martinek ibilbide “polita” dela azpimarratu dute, eta gidariak Elosuan gehiago gozatuko dutelakoan dira. Era berean, lasterketa “berdindua eta interesgarria” izango dela aurreratu du Gipuzkoako federazioko presidenteak. Gurrutxagak, bere aldetik, dei berezia egin die zaleei, probak irauten duen bitartean leku seguruetan jar daitezen. Zinta goria dauden lekuetan ezin dela egon gogoratu dute, eta lasterketa toki garaietatik ikusteko gomendatu die. Era berean, gomendio eta seinale guztiak errespetatu ditzatela azpimarratu du. Rallya amaitutakoan, berriz, ingurua “garbi eta txukun” uzteko deia ere egin du. Antolatzaileek eskerrak eman dizkie bizilagunei eta lasterketaren laguntzaileei.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend