Iñaki Segurola ‘Puntuka’: ‘Elkarrizketa’

Elkarrizketa batek adur berezia dauka elkarrizketatua lainezatzeko. Elkarrizketa batek haixe bat ematen dio elkarrizketatuari; ez duen garrantzi bat ematen dio; dakienaren itxura ematen dio, eta bere buruaren eta bere ideien jabe denarena. Eta ez da hola. Gauzatxo horiek denak daude sakoneko egia bat estaltzeko, eta egia hori da elkarrizketatua gixaixo bat dela, edo gajo bat dela. (Ez da banako jakin baten berezitasuna; espeziea da holakoxea.) Hori ez da sekula elkarrizketa batean agertuko, eta elkarrizketatuaren ustezko ibilbide, titulu, ideologia, afizio edo perbertsio guztien gaineko jarduna horixe estaltzeko bestetarako ez da: elkarrizketatua gixaixo bat dela, edo gajo bat dela.

Hori dena larritzen eta gaiztotzen da elkarrizketatua azalen batean ateratzen baldin badute, ni azkenengo Uztarria-ko azalean atera nauten bezala; horrek, azalean agertzen denak kopetan zazpi azal dituela erakusteaz gainera, jartzen du azaleratua erdigune moduko batean, ustezko zentraltasun edo bihotz batean, eta hori ere gezurra da, eta azalkeria da: inor ez da ezeren bihotz; izatekotan ere, zerbaiten mutxikin gara.

Baina hilabete hau ere pasako da eta elkarrizketa hori betiko ahaztuko da. Ni ere herritik sortu nintzen eta herrian urtuko naiz, edo urtua nago, ETA bezalaxe.

Elkarrizketa horretan bi galdera utzi nituen erantzun gabe. Bata zen “amets bat”; zein zen nere ametsa, alegia. Eta honetan ez daukat ETAren antzik, zeren hark bazuen amets bat, bazituen amets batzuk, eta gehienak amesgaizto bihurtu ziren nahiko azkar. Neri iruditzen zait esna-amets batean elkarrekin nahasten direla arrazoia eta ametsa, eta ezinezko edo zelebrezko nahaste horretatik munstroak jaiotzen direla ia beti, Goya y Lucientes jaunak capricho famatu hartan munduari erakutsi zion bezala.

Erantzun gabeko beste galdera izan zen nola ikusten nuen herria, edo holako zeozer. Ez nuen ezer ikusi orduan, baina harrezkero pare bat gauza etorri zaizkit edo berritu zaizkit nere gogoan. Asuntoa zabaletik edo orokorretik hartuta, ni ETA berri bat sortzearen aldekoa naiz. Ez ordea lehengo ETAren antzeko ezer; hura Estatuaren bortizkeria eta Kapitalaren logika imitatzeko makina bat izan zen gehienbat, eta Kapitalaren logika diot, zeren hildakoak fakturatzen zituen enpresa izan baitzen bere betean eta indarrik haundienean egon zen garaietan (eta “enpresa” deitzen zioten gainera bere aldeko sutsu askok, batere diximulurik gabe). Ez: nere ETA berri hori “Euskadi Ta Askitasuna” izango litzateke; ez dakit zer egingo lukeen, baina horixe litzateke izenez eta izanez: askitasun zuhur-jator baten aldekoa, eta bizitzen uzten ez digun askotasun eta gehiegitasun zoro-trixte honen kontrakoa.

Eta asuntoa zabaletik Azpeitira ekarrita, esan beharra daukat ni ere, ETA bezalaxe, “ezberdinen arteko akordio” baten alde nagoela herriaren gobernua bideratzeko. Heraklitok bere herritarrei eskatu zien adin batera edo helduak izatera iritsitakoan beren buruak urkatu eta gobernua gaxteen esku uzteko. Jende heldu ongi-formatuarekiko fidakaiztasun horretan partaide naiz ni ere. Orduan, esanda bezala, ezberdinen arteko akordio baten alde nago ni, eta ezberdin horiek izango lirateke, alde batetik, 30 urtetik beherakoak eta, bestetik, 70 urtetik gorakoak. Azpeitiko herria gobernatzeko modua Gaztetxearen eta Baigeraren uztartze batetik etorriko litzateke: bi jende-modu ezberdin horiek zertan datozen bat, huraxe izango da herrian egin edo desegin beharrekoa. Gizaki heldu ongi-formatuen gobernua ikusiegia dago; heldu gabekoen eta heldu-pasatuen agintea ikustekoa izan liteke.

Harako elkarrizketa hark nonbaiteko erdiguneren batean jarri baninduen, honako idazketa honek atzera neure lekuan utziko nau.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend