LGTBIfobiaren aurka, aldarria

Gaurko nazioarteko egunaren harira, Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen ekitaldiak egingo dituzte LGTBI kolektiboa babesteko
Zarauzko udaletxeko balkoian asteartetik dago jarrita LGTBI bandera (Onintza Lete Arrieta)

Zarauzko udaletxeko balkoian asteartetik dago jarrita LGTBI bandera (Onintza Lete Arrieta)

Gaur da gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen fobiaren aurkako nazioarteko eguna. Eta, aurreko urteetan bezala, hainbat ekitaldi egingo da egunotan Urola Kostan LGTBI kolektiboa babesteko.

Zarautzen, erakusketa eta tailerra antolatu dituzte Sexu orientazio eta genero identitateen ondorioz jazotzen diren gorroto delituei begirada orokorra izenburupean. Gaur izango da saioa, 19:00etan, Putzuzulon, eta ondorengo gonbidatuak ariko dira solasean: Fundacion Trianguloko Lidia Fernandez, Mexikoko trans* ekintzaile Lola Dejavu, Honduraseko errefuxiatu Mauricio, eta KooperAldarte taldeko kide Eider Perez, Udane Hermosilla eta Cristina Rueda.

Transexualitatea, kalera

Bestalde, asteartean prentsaurrekoa eskaini zuten Zarautzen udalak, Berritzeguneak eta Chrysallis elkarteak. Bertan, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak LGTBIfobiaren aurkako egunaren garrantzia azpimarratu zuen: “Pertsona bakoitzak eskubidea du bere identitate sexuala aldarrikatzeko. Oso anitzak gara pertsonok, baita sexualitatean ere”. Aniztasun hori ikusaraztea “oso garrantzitsua” dela gaineratu zuen, normaltasuna lortzeko bidean.

Horregatik, azaldu zuen ostadarraren koloreak daramatzan banderak jarri dituztela egunotan ikastetxeetan nahiz udaletxeko balkoian, Naizena naizela, onartua lelopean. Kolore horiekin margotuko dituzte, gainera, herriko hainbat eserleku; esaterako, Torreluzea parkeko bat margotuko dute gaur 18:30ean.

Horrez gain, mahai ingurua antolatu dute astelehenerako. Antoniano aretoan, 18:30ean hasita, transexualitateaz ariko dira, haurtzaroa eta nerabezaroa ardatz hartuta. Hizlari, gaiarekin harreman zuzena duten hiru lagun: Chloe Cruz zarauztarra (16 urte ditu eta transexuala da); Ainhoa Arregi getariarra (11 urteko haur transexual baten ama); eta Bea Server (sexologoa eta haur transexual baten ama). Chrysallis elkarteko kideak dira hirurak.

Azkoitian eta Azpeitian

Hainbat jarduera antolatu ditu Azkoitiko Sostenipe talde feministak, Zuen fobiak ez du lekurik gure kaleetan lelo hartuta. Gaurko elkarretaratzea antolatu dute. Plazan da hitzordua, 19:30ean. Ondoren, pintxo pote “koloretsua” egingo dute.
Azpeitian, berriz, homofobia, lesbofobia eta transfobia “ozen eta argi gaitzetsi” eta halako adierazpenei aurrea hartzeko sentsibilizazio lana eta neurriak bultzatzeko konpromisoa adierazi du udalak, maiatzeko udalbatzarrean aho batez onartutako mozioarekin. Azpeitiko Hezkidetza Foroaren ekimenez, berriz, ikastetxeetan gaiaz “barrura begirako lanketa egin” dute aurten.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend