Talaimendiko belardiak errespetatzeko kanpaina abiatu du Zarauzko Udalak

Udalak kontzientziatu egin nahi ditu herritarrak eta bisitariak, belardiak zaindu ditzaten. Horregatik, marmitakoak jarri ditu hainbat gunetan, eta bideo bat dago ikusgai Erlo Telebistan. "Belardiak esertzeko, siesta egiteko edo pasatzeko bidea baino gehiago dira; behien elikagaia dira".
Jesus Arana eta Gloria Vazquez, Talaimendin kanpainako marmitakoekin (Zarauzko Udala)

Jesus Arana eta Gloria Vazquez, Talaimendin kanpainako marmitakoekin (Zarauzko Udala)

Jesus Arana Landa Garapen zinegotziak eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak prentsaurrekoa eman zuten ostiralean. Bertan, jakinarazi zuten kanpaina abiatu dutela, herritarrek eta bisitariek Talaimendiko belardiak errespetatu ditzaten. Izan ere, ohikoa da belardiak erabiltzea “pasabide gisara, bertan esertzeko nahiz siesta egiteko”.

Horregatik, belardien garrantzia azpimarratzeko eta herritarrak kontzientziatzeko, udalak marmitakoak jarri ditu zenbait gunetan, eta oharrak erantsi dizkie hainbat hizkuntzatan. Horrez gain, bideo bat ekoitzi dute, eta ikusgai dago Erlo Telebistan, ekainaren 1era arte.

Azaldu zutenez, belardiak garrantzitsuak dira bi aldetatik: batetik, biodibertsitateari dagokionez, eta bestetik, baserriari dagokionez. Azken horri lotuta, Vazquezek eta Aranak azpimarratu zuten behiak elikatzeko beharrezkoa dela belardiak egoera onean egotea. “Belarra moztu ahal izateko, belardia zaindu egin behar da”.

Oinarrizko arauak

Aranak gogorarazi zuen badaudela zenbait arau mendian ibilzeko, eta horiek “txikitatik” ikasten direla; zentzuzkoak direla, alegia. “Langak itxita badaude, itxita utzi behar dira; belardiak gurutzatu behar badira, bazterretik egin behar da; eta ez da utzi behar botilarik, latarik eta halakorik mendian, ez da zaborrik bota behar”.

Vazquezek, berriz, nabarmendu zuen Talaimendiko belardiak biotopoaren barruan daudela, eta beraz, babestutako eremua dela eta babestutako hainbat espezie dagoela bertan.

Biek azpimarratu zuten baserriaren garrantzia eta baserritarren lana errespetatzearen eta balioan jartzearen inportantzia.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend