“Balorazio oso positiboa” egin dute Oikiako Eskola Txikien Festaz

Eskola Txikien Festa ospatu zuten atzo Zumaiako Oikia auzoan. Hilabete luzeetako lanen emaitza izan zen atzoko ospakizuna. Giro polita izan zen goiz partean, eta arratsaldean ere jende ugari bildu zen bertan. Goizeko eguraldi eguzkitsuaren ordez, zaparradak nagusitu ziren arratsaldean, baina, hala ere, aurreikusitako ekitaldi guztiak egin zituzten.

Goizez eta arratsaldez herrian gora eta behera ibili zen Itziar Garciarena, Oikiako eskola txikiko zuzendaria. Eguraldiaren aurreikuspenak ez ziren baikorrenak, baina itxaropentsu zeudela adierazi zuen. Festa oraindik amaitzeko bazegoen ere, egunaren “balorazio oso positiboa” egin zuen Garciarenak. “Oso polita izan da eguna. Goizean, eguraldi ikaragarri horrekin, harrera ekitaldi polita izan da, eta, gero, jendea gora eta behera ibili da. Oikia beteta egon da. Gune guztiak umeez beteta zeuden, eta giro oso polita izan dugu”.

Atzoko egunerako jarrita zeuden aurreikuspen guztiak bete zirela azaldu zuen Garciarenak. Horretarako lan gogorra egin dutela azpimarratzen zuen. “Iaz pasatu ziguten lekukoa. Ordurako logoa aukeratuta genuen. Gabonak arte hainbat batzorde sortu eta bilerak egin genituen, eta Aste Santutik ekainera bitartean bilera ugari egin genituen. Oso ondo antolatu gara. Behin eta berriro esan dut, baina Oikiako jendea ikaragarria da! Oso ondo dakite zer ate jo behar duten nahi dutena lortzeko”.

Oikiako herritarren inplikazioa “izugarria” eta “beharrezkoa” dela nabarmendu zuen eskola txikiko zuzendariak. “Festa hau eskolaren esku bakarrik egongo balitz, ez zen erdia edo laurdena ere egingo. Egia da Eskola Txikien Festa dela, eta hasi zenean, 1987. urtean, irakasleek hasi zutela, aldarrikapen moduan. Garaiak ere ez ziren berdinak. Lan karga handia da eskolak bakarrik egiteko, eta orain gurasoek dute ardura handiena. Kontuan hartu behar da, gainera, orain antolakuntzan dauden guraso asko eskolako ikasle ohiak direla. Horrek lotura are gehiago estutzen du”.

Festa amaitu da, baina ez Eskola Txikiko aurtengo jarduera. “Orain kurtsoa amaitu behar da; batek ez du bestea kentzen. Ebaluazio garaian gaude, datorren astean notak jarriko ditugu eta gurasoekin elkartuko gara, baina egia da lan zama handia kenduko dugula gainetik”.

Honako lotura honetan ikus daiteke Hamaika telebistak atzoko eguneko irudiekin-eta egindako bideoa.

Hona hemen atzo arratsaldeko argazki batzuk (Argazkiak: Baleike.eus):

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend