San Antonio festei zukua ateratzeko prest dago Errezil

Ez dira faltako ohitura bihurtu diren zenbait ekintza, hala nola herri afaria, pintxo poteoa, gazteen dantza txapelketa eta kirol erronka. Azken hori berrikuntzetik dator gainera. Izaro Zinkunegik aurreratu duenez, "kaletik gorakoen eta beherakoen arteko kirol erronka" antolatu dute aurtengorako.
Errezilgo kirol erronka San Antonio jaiak

Iazko kirol erronkako irudia.

Errezildarrak asteazkenean murgilduko dira aurtengo San Antonio festetan, eta azken urteetan bezala Atera zuku festai lelopean ospatuko dituzte herriko jaiak. Igandera bitarterako hainbat ekintza prestatu dituzte festa batzordeko kideek, eta ez dira faltako ohitura bihurtu diren zenbait ekintza, hala nola herri afaria, pintxo poteoa, gazteen dantza txapelketa eta kirol erronka.

Asteazkenean 11:00etan botako dute festei hasiera emango dien suziria San Antonio ermitan. Ondoren, meza izango da baselizan. Sabelak betetzeko, hamaiketakoa izango da Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta, eta bitarte horretan Lopeneren abereak izango dira ikusgai Errezilen. Arratsaldean, 18:30ean, herriko trikitilariek jaialdia eskainiko dute dantzalekuan. Jarraian, 19:00etan, pintxo poteoa izango da Borondegin eta Erniopen. Ostiralean jarraituko dute festarekin Errezilen, eta urtero gisan, herri afaria eta erromeriaz gozatzeko aukera izango dute hara hurbiltzen direnek. Ostegunera arte eros daitezke afarirako txartelak Borondegin eta Errezilgo dendan, 20 euro ordaintuta.

Aurten bada berrikuntzarik Errezilgo festetan, eta igandeko kirol erronkan iritsiko dira horiek. Izan ere, azken urteetan bidaniarren aurka aritu dira lehian, baina aurten, herritarrak izango dira parez pare arituko direnak. Hain zuzen, “kaletik gorakoen eta beherakoen arteko kirol erronka” antolatu dute festetarako. Izaro Zinkunegi festa batzordeko kideak azaldu duenez, “herritarrei plaza ematea” da xedea: “Denetariko ekintzak egin izan ditugu, nahiz eta Bidaniko lagunen aurka aritu garen azken urteotan. Orain, errezildarrek parte hartzea nahi dugu. Adin tarte zabaleko taldeak izango dira aurtengoak”. Zinkunegik azaldu duenez, igandeko erronkan parte hartuko duen pertsona gazteenak 15 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 40 urte inguru. Horrez gain, taldeak mixtoak izango direla azpimarratu du festa batzordeko kideak. Beraz, erronka polita dute aurretik desafiora animatzen diren errezildarrek. Horiek trontzan, harri jasotzen, txinga jasotzen eta lasterka arituko dira, besteak beste.

Ekainak 13, asteazkena. San Antonio eguna:

11:00etan: Txupinazoa San Antonion.
Ondoren. Meza San Antonio ermitan, hamaiketakoa Lidia eta Itzeder trikitilariekin. Lopene ganadutegiko abereak.

18:30ean: Herriko trikitilarien jaialdia dantzalekuan.
19:00etan: Pintxo poteoa Borondegin eta Erniopen.

Ekainak 15, ostirala.

16:30ean: Haur jolasak.

19:00etan: Poteoa herriko trikitilariekin.

21:00etan: Herri afaria frontoian, Erniope Elkarteak antolatuta.

00:00etan: Play back-a dantzalekuan. Ondoren, Iratzarrekin erromeria.

Ekainak 16, larunbata:

16:00etan: Apar festa eta puzgarriak jolastokian.

17:30ean: VI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa.

20:30ean: Sagardo eta pintxo dastaketa dantzalekuan.

23:00etan: Obaneukeren erromeria.

Ekainak 17, igandea:

12:00etan: Herriko gaztetxoen dantza erakustaldia, dantzalekuan.

18:00etan: Kaletik gorakoen eta beherakoen arteko kirol erronka.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend