Eskualdeko 8.500 lagun katean

Igandeko giza kate erraldoiak izandako emaitzarekin "oso gustura" azaldu dira Urola Kostako Gure Esku Dago-ren herriz herriko dinamikak. Aurreikuspen denak gainditu direla azaldu dute.
GIZA_KATEA_EKAINAK_10

Jende ugari bildu zen giza katearen egunean Getarian. (Nerea Uranga)

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak hartu zuen Urola Kosta igandean. Gure Esku Dago mugimenduak deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen  201,9 kilometroko giza katearen 24 kilometro osatu zituzten Urola Kostako herritarrek, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Arroabea bitartean.  Gure Esku Dago-k emandako datuen arabera, 175.000 herritar batu ziren giza kate erraldoira, Urola Kosta eskualdetik ere milaka lagunek egin zuten bat egitasmoarekin: Orio eta Aia artean 1.085 herritar batu ziren giza katera; Zarautzen 2.400 lagun bildu zen katera; Getarian, 700 herritar inguru; Azpeititik, Errezildik eta Beizamatik joandako 1.593 lagunek osatu zuten Getaria eta Zumaia arteko katea; Zumaian 1.247 herritar zenbatu zituzten katean; Zestoako 624 herritar saretu ziren, Narrondo eta Arroabea artean; tartean, Aizarnazabalgo ehun lagun inguru kateratu ziren; eta, Azkoititik 700 bat pertsona joan ziren giza katera. Guztira, Urola Kostako 8.500 herritarrek parte hartu zuten.

Igandean goizeko hamarretarako giza katearen ibilbideko hainbat tokitan jendea pilatzen hasita zegoen. Urolako herrietatik jende asko autobusetan iritsi zen zegokion kilometrora, kostaldera batik bat; esaterako, Azpeititik hamabi autobus joan ziren. Gero, trikitilariek eta musikariek lagunduta zabaldu zen jendea katea osatuko zen tokietara. Getarian, adibidez, ongietorria egin zien herriko kilometroetan katea osatuko zuten herrietako ordezkariei: Azpeitia, Errezil, Beizama eta Lezo. Ondoren, aurreskua dantzatu zuten hainbat getariarrek eta bertan bildutako jende guztiak argazki erraldoi bat atera zuen frontoian. Segidan, bakoitza bere kilometrora joan zen. 12:00etan etxafuegoa bota eta giza katea osatu zuten herritarrek 12:30ak arte.

Balorazioa “oso positiboa”
Urola Kostako herriz herriko Gure Esku Dago-ren dinamikak oso gustura dira giza kateak izandako emaitzarekin eta harrerarekin. Hala azaldu du Zumaiako Gure Esku Dago-ko Mendigaña Gorostiagak: “Oso positiboa izan da. Aurrez beldur pixka bat bagenuen, eta igandean bertan, giza katea hasterako bost minutu falta zirenean hutsune batzuk ikusten ziren hainbat tokitan, baina horiek betetzeko gaitasuna izan genuen, jendea zabalduta”. Giza katearen garaian egon zen festa giroa eta jendearen laguntzeko borondatea azpimarratu ditu Gorostiagak: “Oso giro polita egon zen igandean, harrigarria. Goizean goizetik boluntarioak lanerako prest azaldu ziren, jendeak azaldutako borondatea izugarria izan da. Bat egite giroa nagusitu zen giza kateak hartu zituen kilometroetan”.

Zestoako herritarrak ere Zumaiatik gertu bildu ziren giza katea osatzeko: Narrondotik Arroabera artean. Zestoako GED taldeak  balorazio “oso positiboa” egin du. “500 zestoar behar genituen guri zegokigun kilometroa betetzeko, eta, azkenean, 624 izan ginen. Aizarnazabaldarrak eta azkoitiarrak genituen alboan, haiek nahiko jende gutxi zirenez, zestoarrok bete genituen beren zati batzuk”.

Orioko GED taldekoak ere oso gustura azaldu dira giza katearekin: “Mila herritar biltzera iristea zen gure erronka, eta zenbatutakoaren arabera, 1.085 izan dira Orioko bi kilometroak osatu zituzten oriotarrak zein aiarrak. Uste baino hobeto joan da guzti-guztia, eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu zuten guztiei”.

Aurreikuspenak gaindituta
Zarautzen ere gustura dira “aurreikuspen guztiak” gainditu zituztelako igandeko giza katean. “2.400 pertsona elkartu ginen Zarautzen, eskuz esku, gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugula aldarrikatzeko”.

Giza katea hasi baino minutu batzuk lehenago jendeak izena eman zuen Getarian, Zarautzen eta Zumaian. Zarautzen, adibidez, giza kateko kilometroetarako zituzten zapi guztiak agortu ziren.

Itxura berezia hartu zuen  igandean Zarauzko malekoiak. Giza kateak erdibitu zituen tabernetako ohiko terrazetako jendea eta hondartzan eguzkia hartzen zeudenak  zein igerian zebiltzanak. Eguzki epeletan, Iñurritzako biotopotik Getaria bideko bigarren tuneleraino luzatu zen zarauztarren katea. Txaleko horidun boluntario ugari aritu zen bizikletaz malekoian gora eta behera, jarraibideak emanez. Haiek azaldu zutenez, “gaur egungo egoera politikoak jendea etxetik irtenarazi du eta erabakitzeko eskubidearen garrantziaz jabetu da jendea”.

Zarauztarrek eta getariarrek lezoarrak izan zituzten tartean giza katean. Getariako Gure Esku Dago taldekoak oso-oso pozik gelditu dira giza kateak herrian izandako harrerarekin: “Historia egin dugu. Aurreikuspen guztiak bete ditugu eta 700 herritar bildu ginen giza katera, 2014ko giza katean batu ginenaren bikoitza. Harrigarria!”. Getariarrek bikain erantzun dutela azaldu du GED-k, “lau getariarretatik bat izan da giza katean. Gure herriak txikia izanagatik gauza handiak egin ditzakeela erakutsi du beste behin”.

Getariarrak eskeartzeaz gainera, herrian giza katearen kilometroetan izandako beste herrietakoak ere eskertu ditu Gure Esku Dago-k.

Beizamakoak, Errezilgoak eta Azpeitikoak izan ziren Getarian giza katean. Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak ere giza katearen balorazio “oso positiboa” egin du: “Lan asko eskatu du giza katea antolatzeak, baina oso polita atera zen”. Haiek osatu beharreko lau kilometroetan 1.593 herritar bildu ziren.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend