Hastear da traineru denboraldia

Denboraldi berriaren atarian, sari banaketa ekitaldia egin dute Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak asteburuan. Afiziorik onenaren saria eman diete oriotarrei.
1528557431_1_gra

Afiziorik onenaren saria jaso zuen Oriok Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren ekitaldian. (Argazkia: TKE Liga)

Asteburu honetan izan dute Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren ekitaldia, Bilboko Bizkaia frontoian. 800 gonbidatu izan ziren Joxe Felipe Azurmendik eta Sandra Sabatesek zuzenduriko zeremonian, eta kategoria ezberdinetako sariak banatu zituzten. Afiziorik onenaren saria eman zioten Orio Babyautori, jarraitzaile «fidelenak eta ilusioz betetakoak» izateagatik. Bestetik, Juan Luis Amilibiari aipamen berezia egin zioten, traineruen eraikuntzan egindako ekarpenagatik eta ontzietan egindako berrikuntzengatik. Sarien ondotik, aurtengo Eusko Label Liga eta Euskotren Liga aurkeztu zituzten ikus-entzunezko baten bitartez.

Ekainaren 24an emango diote hasiera Eusko Label Ligari, IX. Bilboko Banderarekin. Portugaleten emango diote amaiera denboraldiari, eta 19 izango dira jokatuko dituzten estropada puntuagarriak. Denboraldiaren lehenbiziko zatia abuztuaren lehenengo asteburuan jokatuko den Espaniako Txapelketa baino lehen izango da, eta hamaika jardunaldi izango ditu: Sestao, Zierbena, A Coruña –jardunaldi bikoitza–, Donostia, Castro Urdiales, Pasaia, Orio, Getxo eta Santurtzi. Denboraldiaren bigarren zatia Ondarroan, Hondarribian, Zarautzen –jardunaldi bikoitza–, Moañan eta Boiron (Galizia) jokatuko dira.  Bermeon eta Portugaleten jokatuko dute ondoren zortzi traineru onenak, irailaren hirugarren asteburuan izango den estropadan.

Urola Kostako ordezkaritza bakarra izango da aurten ere TKEn: 2016an bosgarren postua lortu ondoren, hirugarren sailkatzea lortu zuten iaz Oriok. Uztailaren 22an herrian bertan jokatuko dute Orio Kanpineko VI. Bandera. Zarautzen ere, ohi bezala, bi estropada jokatuko dituzte; abuztuaren 18an eta 19an.

Euskotren Ligari, aldiz, astebete geroago emango diote hasiera Portugaleten eta Sestaon jokatuko den estropadarekin. Eta bertan lehiatuko da Orio. Hainbat berrikuntza zehaztu zituen asteburuan denboraldia hasi aurretik azkenekoz batu zen TKEren biltzarrak. Erabaki administratiboak eta ekonomikoak hartu ondoren, Euskotren Ligaren inguruko araudian neurriak hartu zituzten. Esaterako, zortzi estropada jokatzetik hamalau jokatzera igaroko dira emakumezkoak aurten.

Bestetik, Zarautzen amaituko den ligan sailkatutako lehenengo hiru taldeek hurrengo denboraldirako postua ziurtatuta izango dute, eta liga laugarren postuan amaitu duen taldeak play off-a jokatu beharko du irailean. Berdintasunera bidean, erabaki horiek guztiak garrantzizkotzat jo ditu TKEren batzarrak, eta «aurrerapauso bat» direla uste du: «Berdintasuna da gure helburu nagusienetariko bat».

KAEkoak asteburuan
KAE-1  ligan parte hartuko duten ontziak izango dira uretaratzen lehenengoak. Asteburu honetan hasiko dute denboraldia KAE-1ekoek Portugaleten jokatuko duten jardunaldi bikoitzean, hilaren 16an eta 17an; eta abuztuaren 19ra arte, hamabost jardunaldi jokatuko dituzte guztira. Getariako, Zarauzko eta Zumaiako traineruek hartuko dute parte, eta jardunaldi bana jokatuko dute norberaren herrian: uztailaren 1ean, Getarian; uztailaren 7an, Zumaian; eta abuztuaren 18an, Zarautzen.

KAE-2 liga, berriz, egun bat geroago abiatuko dute Portugaleten bertan, hilaren 17an, eta abuztuaren 15a bitartean jokatuko dituzte estropadak. Kategoria honetan Orioko gizonezkoen bigarren ontzia lehiatuko da, eta uztailaren 21ean izango du jardunaldia herrian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend