Bideo bat egin dute Zarautzen alkoholaren kontsumoaz hausnartzeko

Herriko hainbat eragilek hartu du parte Zarauzko Udalak bideratutako sentsibilizazio kanpaina honetan. Arriskuen aurrean herritarrak kontzientzea du helburu.
Alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruzko bideoaren aurkezpena. (Aritz Mutiozabal)

Alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruzko bideoaren aurkezpena. (Aritz Mutiozabal)

Herritarrak alkoholaren gehiegizko kontsumoaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, Zarauzko Udalak bideo bat landu du herriko hainbat eragilerekin eta bizilagunekin elkarlanean. Aurki herria jaietan murgilduko dela eta, hausnarketarako bide eman nahi dute ikus-entzunezkoarekin. Izan ere, bertan nerabeen artean alkoholaren gehiegizko kontsumoak ekarri ditzakeen arriskuak nabarmentzen dira. «Garrantzitsua iruditzen zaigu helduok ere arrisku horietaz jabetzea», adierazi du Prebentzio zinegotzi Miren Letamendiak.

Halaber, zehaztu du udala «bereziki arduraduta» dagoela adingabeen arteko kontsumoarekin, «arriskutsua» dela azpimarratuz: «Denok jakin arren ez dela osasungarria, askotan normaltzat jotzen ditugu nerabezaroan ematen diren hainbat alkohol kontsumo. Alde batetik, guraso eta gizartearen kezka iturri bada, baina, bestalde, askotan esan ohi dugu gu ere adin horrekin hasi ginen edaten… Jakin badakigu ez dela ona, baina benetan ohartzen al gara arriskuaz? Edo, nolabait batzutan ondorioak arintzeko joera dugu?».

Hori horrela, mezu zuzenak helarazi nahi izan dituzte bideoan, ondorengo arloetan oinarrituta: osasuna, hezkuntza, garapena, mendekotasuna, harremanak eta aisia. Esaldi «indartsuak» jasotzen saiatu direla nabarmendu du Letamendiak, «herritarrek arriskuen inguruan kontzientzia hartu dezaten».

Ikus-entzunezkoan hainbat eragilek nahiz bizilagunek hartu dute parte: Itziar Azkuek eta Paskual Elustondok, guraso bezala; ikastetxeetako ordezkari Maider Garatek (La Salle), Igone Azpirozek (Lizardi Institutua), Eneritz Garmendiak (Salbatore Mitxelena Ikastola), Amaia Geretak (Antoniano) eta Maria Mercerok (Orokieta); Felix Zubia medikuak; Maria Feijook,ZEK Zarauzko Emakume Korrikalarien izenean; Gizakia Helburuko Asier Tutorrek; Zarauzko Sexu Aholkularitza Zerbitzuko arduradun Aitziber Estonbak; Ander Lertxundi sexologoak; Maialen Larrañaga eta Ane Esnal Txipristin Aisialdi taldekoak; Ane Eizmendi kale hezitzaileak; eta Raul Monferrer Gaztelekuko hezitzaileak. Letamendiak haien parte hartzea eskertu du.

Bideoa sare sozialetan zabalduko du udalak, eta zarauztar guztiak animatu nahi dituzte partekatzera eta kontzientzia hartzera. Horrez gain, Prebentzio Saileko blogean jarri dute erakusgai, eta Zarauzko Hitzako eta Urola Kostako Hitzako webguneetan ere ikus daiteke.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend