Ines Osinaga: “Gaur egungo eszena, rocka, ez da bizitzarekin bateragarria”

(Saioa 'Gauilunak')

(Saioa ‘Gauilunak’)

Orkatz kultur elkartean izango da Ines Osinaga musikaria (Arrasate, 1982) gaur, asteazkena, 22:00etan. Goserekin ohikoak zituen botak erantzita, biluzik etorriko da Azpeitira, “txikitik, gertutik” aritzera.

Ines Osinaga izango da gaur Orkatzen, ez Goseko Ines.

Hala da. Orkatzera, orain naizenetik, txikitik, gertutik eta biluzik joango naiz. Azkenaldian, plazan baino gehiago nago etxeko sukaldean eta kobazuloan. Ines Osinaga izango naiz oholtzan, eta saiatuko naiz momentu honetan naizen horrekin ahalik eta zintzoen izaten; bai nire buruarekin, bai bertaratuko direnekin. Une honetan gorputzak eskatzen didanaren eta jendeak espero duenaren artean borrokatu behar dut; azkenaldian horregatik ari zait plazara ateratzea kostatzen. Jendeak ez dakit zer esperoko duen, baina nirekin egingo du topo, orain naizen honekin, inongo trajerik gabe eta botak jantzi gabe.

Zer alde dago Ines Osinagaren eta Goseko Inesen artean?

Urte asko pasatu ditut nire barnean galdera horri bueltaka, eta egia esan, zaila da erantzutea. Hain zuzen ere, azken hamar urtean nire buruari egin diodan galdera gakoa horixe izan da: bata edo bestea, zein den Inesago. Atera dudan ondorioa da bata eta bestea naizela ni. Goseko Inesek esaten eta kantatzen zituen, agian, Ines intimoa kantatzeko gai ez den gauza batzuk, baina gauza horiek esatea gustatuko litzaioke Ines intimoari une batzuetan. Goseko Inesek eraikitako identitate eta nortasun bat zeuzkan, baina horrek ez du esan nahi gezurra zenik. Izan ere, Goseko Ines beti izan da oso zintzoa, baina ni biluzik ez naiz beti horrelakoa; ez dauzkat beti botak jantzita, eta eskerrak.

Zergatik diozu hori?

Azkenaldian gehiago interesatzen zait zaurgarritasunetik kantatzea, indartsutik kantatzea baino.

Ama izan zara, eta zuk esana da rockean ez dagoela amatasunerako baimenik. Horrek eragina izan al du aipatu duzun aldaketan?

Ama izateak gauza guztietan du eragina. Hori esan nuenetik hamar urte pasatu dira. Orain ez dut berdin pentsatzen, eta eskerrak hala den; eskerrak malguak garen, diskurtsoak aldatzen ditugun eta denborari uzten diogun gure ertzak higatzen. Dena den, rockean amatasun baimenik ez dagoela pentsatzen jarraitzen dut, baina ez rockean, ez beste esparru askotan. Gure jendartea eta bizi garen gizartea ez dago prest zaintza erdigunean jartzeko, eta zaintza erdigunean jartzean, aukeratu egin behar da. Nik zaintza edo plaza aukeratu behar izan dut, baina beste emakume askok hautatu behar izan dute zaintzaren eta bizitzearen artean. Agertokietan ezin bada dantzatu, ez dela gure iraultza kantatu dut urteetan agertokietan, baina gaur, hemen eta orain, zera kantatuko nuke: ez badago zaintzarik, ez da gure iraultza. Ni musikaria naiz ofizioz, eta musikari izaten jarraitzen dut, baina ama izan garen musikari askori gertatu zaigu bat-batean desagertu egiten garela jendartearentzat. Badirudi hil egin garela, badirudi ja ez garela existitzen ama izateaz haratago, eta horri ere begiratzen diot. Egia dena da plazandre izatea beste hainbat gauzarekin bateraezina dela. Gaur egungo eszena, rocka, ez da bizitzarekin bateragarria; ezin zara ibili abiadura handiko trenaren erritmoan eta zaintzaz arduratu. Ama izateak zeharkatu egin nau, beste gauza askok bezala, eta horrek eragin egin dit.

Erraza izan al da aldaketa prozesua?

Prozesua zaila izan da, Ines bat akabatu behar izan dut, eta Ines hori izan da nire bizitza, nire borrokak, nire intentsitatea… Eta ez da izan kasualitatea. Iruditzen zait badudala nolabaiteko erantzukizuna zintzoa izateko gertatutakoarekin: ezin naiz atera plazara ezer gertatuko ez balitz bezala.

Nolako saioa eskainiko duzu gaur?

Gertutik eta goxotik ariko naiz, espazio segurua izango da biluzteko. Soinuak eta makina batzuk eramango ditut, eta kanta batzuk abestuko ditugu. Ez da erromeria izango, baina, agian, fandangoren bat joko dut.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend