Aitor Urresti izango da Getariako EAJ-ren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan

EAJren afiliatuek hala erabaki zuten,ekainaren 5ean egindako batzarrean
Rosi Antia eta Aitor Urresti

Rosi Antia Getariako Uri Buru Batzarreko lehendakaria eta Aitor Urresti Getariako EAJren udal hauteskundeetarako hautagaia.

Aitor Urresti izango da Getariako EAJren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan. Hala erabaki zuten ekainaren 5eko batzarrean alderdiaren afiliatuek. Rosi Antia Getariako Uri Buru Batzarreko lehendakariak eskerrak eman dizkio Urrestiri egindako proposamena onartzeagatik: “Udaleko jarduna ez da erraza, konpromiso ugari eta mugarik gabeko inplikazioa eskatzen ditu. Urrestik, baina, ardura handiz onartu du erronka. Ez dut inongo zalantzarik, herriak hala nahi izanez gero, alkate ezin hobea izango dela: profesionaltasun osoz helduko dio lanari eta herriak sendo egingo du aurrera. Berak duen gertutasuna, jarrera eta Getariarekiko duen konpromisoak berresten du hautagaitza”. Antiaren ustez, EAJko alderdikideek eduki dezaketen “hautagai onena” aukeratu dute.

Gaur egun Urresti Getariako Udalean EAJren bozeramalea da. Getariako Uri Buru Batzarreko lehendakariak Urrestik azken urteetan egindako lana nabarmendu du; udaleko azken hiru urteotan, zein aurreko udal hauteskundeetako kanpainan, alkategai berriak egindako lana “aparta” izan dela adierazi du. “Urrestik ideiak argi, herrigintza bizi eta lanerako grina ditu osagai. Estuki egin dugu lan urteotan Getariak aurrera egin zezan eta herriarentzako interesgarriak diren proiektuak sortu, erakarri eta garatzen. Gogotsu egin du lan eta erakutsi digu, guztiaren gainetik, Getariaren eta herritarren alde jardun duela. Tinko eutsi dio seriotasunez eta oinarri sendoak dituen kudeaketa sustatuz”.

Urrestik bere aldetik eskerrak eman dizkio alderdiari beregan jarritako konfiantzagatik: “Zerrendaburu aukeratu nau Getariako EAJk eta ez diet nire kideei hutsik egingo. Ilusio handiz aurkezten naiz, lantalde bikainarekin atzean eta gure herriaren oraina eta etorkizuna lantzeko gogotsu. Getariak aldaketa behar du; urteotan galdutako denbora berreskuratzeko egingo dugu aurrera, tinko, minutu bat gehiago galdu gabe”. EAJren Getariarako udal proiektuak “erdigunean” getariarrak izango dituela azpimarratu du Urrestik, “ongizatea izanik zutabe”. Herritarren bizi kalitatea “bermatzea eta hobetzea” izango dute erronka. Horretarako, herritarrekin batera egingo dutela lan esan du: “Elkarlanean eta gardentasun osoz. Erronka berriak ditugu aurrean eta herritarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoei aurre egin behar diegu: berdintasuna, garbitasuna, enplegua, gazteria, zahartzaroa, parte hartzea, kontziliazioa, gure nortasunaren zaintza…”. Herrigintzan “getariar guztientzako” lan egiteko asmoa azaldu du EAJren alkatetzarako hautagaiak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend