Alberto Zerain izango du gogoan Zumaiako X. Flysch Trail mendi lasterketak

Ekainaren 24an jokatuko da Zumaiako X. Flysch Traila eta aurtengo edizioak lau lasterketa izango ditu
Zumaiako X. Flysch Trailaren aurkezpena, gaur (Izaskun Urbieta)

Zumaiako X. Flysch Trailaren aurkezpena, gaur (Izaskun Urbieta)

Zenbaki borobila beteko du aurten Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketak: hamargarrena. Horregatik, edizio hau berezia izango da. Alde batetik, lau lasterketa jokatuko dira, eta beste aldetik Alberto Zerain zenari omenaldia izango da. Bosco Garitano antolatzaile taldeko kideak hori nabarmendu du: “Antolatzaile bezala, edizio hau berezia izango da guretzat. Zerainen motibazioaz eta ibilbide profesionalaz haratago, beti bultzatu izan du Zumaiako Flysch Traila. 2014an omendua izan zen, hiru aldiz egin zuen proba, eta iaz, Nanga Parbatetik bideo bat ere eskaini zigun”.

Gaur, osteguna, eguerdian aurkeztu dute aurtengo edizioa Zumaiako Zelai Talaso hotelean. Ekainaren 24an jokatuko da, eta lau lasterketa izango dira: maratoia, maratoi erdia, itsuena eta kadeteena. Maratoiaren irteera 08:30ean izango da eta 42,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Ondoren, 08:45ean, maratoi erdia egingo dutenak aterako dira, eta 22,2 kilometro osatu beharko dituzte. Bost minutu geroago, berriz, itsuen lasterketak izango du irteera. Kasu honetan, bigarren edizioa izango da, eta 31,2 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Amaitzeko, aurtengo berrikuntzetako baten txanda izango da: kadeteen lasterketa. 09:15ean aterako dira, eta 14,05 kilometro egingo dituzte. “I. Zumaia Flysch Trail Zazpi Probintzien Kadete Txapelketa jokatuko dute, eta 30-35 gazte inguruko parte hartuko dute”, azaldu du Garitanok. Lasterketa horrekin gazteen oinarrizko kirola sustatzea dute helburu antolatzaileek, eta bertako korrikalariez gain, Espainiako Kadeteen Kopako sailkapeneko lehen bostak etorriko dira.

Maratoia irabazteko faboritoen artean Dani Garcia iazko irabazlea aipatu dute antolatzaileek; baita iaz bigarrena eta 2016an garaile izan zen Ismail Razga ere. Horiekin batera, 2014an irabazi zuen Walter Becerra ere Zumaian izango da. Emakumezkoen artean, berriz, Vanesa Pelaez donostiarra, Uxoa Irigoien getariarra eta Leire Baraibar zumaiarra dira faborito nagusiak. “Aipatzekoa da maratoia egin behar duten emakume zumaiarren kopurua. 2016an ez zen inor atera, iaz, Leire Baraibar bakarrik, eta aurten zortzi izango dira. Oso pozik gaude”, nabarmendu du Garitanok. Guztira, 700 korrikalarik hartuko dute parte.

Zerain1
Egitarau aberatsa
X. Flysch Traila protagonista nagusia bat izango du, eta hori Alberto Zerain zena izango du. Ekainaren 24an (igandea), lasterketa hasi baino 20 minutu lehenago, Zerainen familiari omenaldia eskainiko diete. Horrez gain, ekainaren 22rako (ostirala),  Alberto Zerain, beti gogoan izeneko hitzaldia antolatu dute Maria eta Jose Ikastetxeko aretoan, 19:00etan. “Zerainen izena entzunda ametsak, motibazioa, talde lana eta proiektuak bezalako hitzak etortzen dira burura”, azpimarratu du Garitanok.

Ekainaren 22ko hitzaldia Sebastian Alvaro Al filo de lo imposibleko sortzaileak eta zuzendariak emango du. Bertan izango dira Alvaroz gainera: Zerainen familia, Jose Ramon Agirre Marron (Zerainen 1993ko Everesterako espedizioan parte hartu zuen laguna) eta Jonatan Garzia (Annapurnarako 2017ko Zerainen azken espedizioan partaide zena). “Horiez gain, Juanito Oiartzabal, Juanjo San Sebastian, Aitor Las Hayas, Iñaki Agirre eta Javi Antunez izango dira Zumaian. Azken hirurak Zerainen lagun minak ziren”.

Ekitaldi horiez gainera, ekainaren 20an (asteazkena), Jokin Lizeaga korrikalariak Mendi lasterketak, gozamena ala sufrimendua izeneko hitzaldia eskainiko du Oxforden, 19:00etan. Ekainaren 23an, larunbatean, Gipuzkoako eskalada eta orientazio topaketa egingo dute kiroldegian.

Laguntza soziala
Flysch Trailak  laguntza soziala mantentzen duela azaldu dute. «Aurten ere, Aspanogi, SOS Himalaya eta Markelen Irriari lagunduko diegu. SOS Himalayaren kasuan, elkarlanean, zortzi gelako ospitale txiki bat eraikitzen ari gara Katmandun».

Ekainaren 24an, Flysch Traileko lasterketak zuzenean jarraitzeko aukera izango da Eusebio Gurrutxaga plazan jarriko duten pantaila batean. Horretaz gain, 08:00etatik 15:00etara bitartean, hainbat webgunetan zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Azkenik, EITBk ere, bere lehenengo katean, probaren  egunean bertan laburpen bat eskainiko du 16:00etatik 17:15era bitartean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend