Espero gabe elkar deskubritzea

Zizel taldeak ‘Serendipia’ lehen diskoa aurkeztuko du larunbatean, 22:30ean hasita, Matadeixen. Alberto Martinez eta Mikel Iraeta azkoitiarrak dira taldeko kideak, lagunak eta ia-ia anaiak.
ZIZEL

Alberto Martinez eta Mikel Iraeta Zizel taldeko musikariak. (Zizel)

Serendipia. Izen hori jarri diote Alberto Martinezek (Azkoitia, 1990) eta Mikel Iraetak (Azkoitia, 1992) Zizel taldearekin kaleratu duten lehen diskoari. Zer da, baina, serendipia? “Zientzialariek erabiltzen dute termino hori, zerbaiten bila ari direnean, eta kasualitatez, beste aurkikuntza bat egiten dutenean. Horri deitzen zaio serendipia: intentziorik gabe egindako aurkikuntzari”. Azalpen horrek badu zerikusirik Zizelen orain arteko ibilbidearekin: batetik, batere espero gabe, Martinezek eskolako lan baterako sortu zituen kantuak bilakatu zirelako Zizelen abiapuntu, eta, bestetik, Iraetarekin topo egin zuelako gero musikariak, haren bila joan gabe. “Dena pixka bat serendipia bidez gertatu da”.

Hasiera batean, Martinezek soilik osatzen zuen Zizel; berak sortu zituen abestiak, eta berak bakarrik uztartzen zituen base elektronikoak, gitarra, bateria, sintetizadoreak, teklatua nahiz ahotsa. Lehen kontzertua eman zuenean ohartu zen, ordea, “sekulako zoroetxea” izan zela dena bakarrik egitea. “Orduan pentsatu nuen norbaiten bila hastea. Eta, horrelaxe, Mikel eta biok hitz egiten hasi ginen behin, eta konturatu ginen ikuspuntu oso antzekoa genuela musikaz”. Martinezek proposatu, eta berehala eman zion baiezkoa Iraetak. “Gogoa neukan zerbait egiteko, eta aukera ederra iruditu zitzaidan Albertorekin taldea osatzea”.

Egun, gitarraz eta ahotsaz arduratzen da Martinez, eta teklatuak jotzeaz eta base elektronikoak kontrolatzeaz Iraeta. Orain arte konposaketa lanak Martinezek egin ditu, baina, aurrera begira, zeregin hori bien artean egiteko asmoa dute. Honela definitzen dute beraien musika estiloa: “Baseek puntu elektronikoa ematen diete abestiei; noise puntu bat ere badu egiten dugun musikak, zarata asko sartzen baitugu; eta gitarrarekin, folk eta bluegrass ukitua ematen diegu kantei”. Musikazale amorratuak dira biak, eta hainbat erreferente dituztela diote: Anari, Lisabo, Nils Frahm, Olafur Arnalds, Nine Inch Niles, Radiohead, Queens of The Stone Age…

Egun pil-pilean dagoen hainbat gai dute mintzagai abestiek: Zaborra kantak ekologiaz hitz egiten du, Mek askatasun sexualaz, Urriak urriaren 1ean Katalunian egin zen erreferendumaz… “Hitzen bidez pentsarazi egin nahi al dugun? Hitzek badute puntu kritikoa, baina ez dakit pentsarazi egin nahi ote dugun. Adierazi eta kontatu egin nahi dugu, gure ikuspuntua bota, eta gero bakoitzak ikusten du zer egiten duen horrekin. Momentu bakoitzean gorputzak eskatzen diguna idazten dugu, kanpora ateratzen dugu barrukoa, eta kito”, azaldu du Martinezek.

Larunbatean, Azkoitiko Matadeixen aurkeztuko dute diskoa, eta bada aurkezpenerako propio sortutako abesti bat estreinako lanean: Leku arraroa. Martinezek kantu horren sorburua zein izan zen azaldu du: “Matadeixen diskoa aurkezteak sekulako ilusioa egingo zidala esaten ari nintzen bati, eta haren erantzuna zera izan zen: ‘Hor? Nola ba!’. Leku zikina eta iluna zela esan zidan; asko haserretu nintzen hori entzunda, eta aurreiritzi horren kontra abesti bat sortu nuen. Matadeixe sekulako lekua da, sekulako kontzertuak egoten dira bertan, eta nire ustez, Azkoitian ez dago kulturalki horrelako leku aberatsik. Azkoitian jende ‘arraroa’ joaten den lekua da Matadeixe, baina guretzat sekulako xarma du. Hori gertatzen da Matadeixerekin eta beste leku askorekin, eta toki horien guztiengatik sortu dugu abestia”.

Entsegu “mordo bat” egin ditu azken boladan bikoteak, eta  prest daude larunbateko kontzerturako. Biek diote “berezia” izango dela lana etxean aurkeztea. “Niretzat, Azkoitian ez dago leku hoberik kontzertua emateko”, dio Iraetak. “Etxean bezala sentitzea hori da”, erantsi du Martinezek. Kontzertu “xumea” baina, era berean, “emozionantea” izango dela diote. Sorpresaren bat ere egon daitekeela dio Iraetak, abestietan moldaketak eta antzekoak sartuko dituztela, baina “pirotekniarik eta horrelakorik” ez dela izango argitu du.

Taldekideak baino gehiago
Musikak batu baditu ere, taldekideak baino askoz gehiago bilakatu dira Martinez eta Iraeta. Martinez Bartzelonan bizi da aspaldian, eta duela gutxi, Iraeta ere hara joan da bizitzera. Egun, talde berean jotzeaz gain, etxe berean ere bizi dira bi lagunak. Musikak zerikusirik izan badu ere, horregatik bakarrik ez duela bizilekua aldatu dio Iraetak: “Ikasketaz matematikaria naiz, eta Bartzelonan horri lotutako lan bat aurkitzeko askoz ere aukera gehiago izan dezakedala iruditzen zait. Horrez gain, musika egin eta musikaz gozatzeko aukera ere izango dut han. Albertok bere pisukidea izatea proposatu zidanean, asko jota bi buelta eman nizkion kontuari, eta Bartzelonara joan nintzen”.

Biek diote “oso ondo” moldatzen direla. “Egia esan, antzekoak gara zentzu askotan: umore aldetik, izateko era aktiboa dugu biok, ideal antzekoak ditugu… Konplizitate handia dago bion artean”, dio Iraetak. Martinezek uste du bere taldekidea “oso tipo zentzuduna eta lasaia” dela. “Niri berarengandik gehien gustatzen zaidana hori da”. Iraetak, berriz, Martinez guztiz kontrakoa dela uste du, zentzu horretan. “Berak esaten du nik asko pentsatzen ditudala gauzak; berak ere pentsatuta dauzka, baina askoz bat-batekoagoa da, gauzak bururatu eta egin egiten ditu. Alberto oso aktiboa da, denbora guztian gauzak egiten ari da, eta ameslaria ere badela esango nuke. Plan mordoa dauzka urrutira begira, eta transmititzen du ez direla pentsamendu zoroak, gero egin egiten baititu”.

Pentsamendu zoro horietako batzuk epe motzean egia bihurtzeko asmoa dute. Euskal Herrian nahiz Bartzelonan ahalik eta zuzeneko gehien eman nahi dituzte, eta, ondoren, furgoneta hartu eta kanpora kontzertuak ematera joatea dute buruan. “Argi gelditu zaiguna da ezin dugula inoren zain gelditu, geu mugitu behar garela”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend