Hilero 200 euro zozkatuko ditu Zurekin elkarteak Zarautzen

Asteburu honetan hasi eta Gabonak bitartean iraungo du kanpainak.
Martin Argiñanok eta Mari Luz Osak aurkeztu zuten kanpaina berria (Onintza Lete Arrieta)

Martin Argiñanok eta Mari Luz Osak aurkeztu zuten kanpaina berria (Onintza Lete Arrieta)

Uda badator, eta Zarauzko ostalariek kanpaina abiatu dute, herritarrak eta bisitariak kontsumitzera animatzeko. Horregatik, asteburu honetatik aurrera hilero 200 euroko bonoa zozkatuko dute. Zurekin elkartea osatzen duten taberna, jatetxe eta hoteletan kontsumituta hartu ahalko da parte zozketan.

Atzo eman zuten prentsaurrekoa Zurekin elkarteko lehendakari Martin Argiñanok eta elkarteko kide Mari Luz Osak. Jakinarazi zutenez, kanpainak zazpi hilabete iraungo ditu; hau da, Gabonetara arte zozkatuko dituzte bonoak, hilero.

Zurekineko zuzendaritzak egingo du zozketa, eta elkartea bera jarriko da harremanetan irabazlearekin. 200 euroko bonoa zatituta egongo da 10 euroko hogei txarteletan, nahi bada zatika gastatzeko. Hori bai, hiru hilabeteko epean erabili beharko da.

Hori izango da kanpaina nagusia, baina txikiago bat ere badute martxan. Izan ere, Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketan parte hartzeko txartelak ere zozkatuko dituzte datozen zazpi hilabeteetan. Guztira, beraz, 28 bikotek hartuko dute parte doan mus txapelketan. «Ikusi dugu mus txapelketan zarauztarren parte hartzeak behera egin duela azken urtean, eta hori sustatzeko egingo ditugu zozketa hauek», azaldu zuten.

Igor Azpitarte gogoan

Prentsaurreko hasieran gogoan izan zuten orain gutxi hil den Igor Azpitarte elkarteko kidea. «Igorren familiari eta lagunei besarkada bat bidali nahi diegu. Zurekineko parte hartzaile handia izan zen, eta hari esker jarraitzen du gaur egun elkarte honek», esan zuen Argiñanok.

Bestalde, herriko ostalaritza sasoi onean dagoela esan zuten, baina Osak azaldu zuen malekoia dela «herriaren aurkezpen karta» eta, horregatik, gehiago zaindu behar dela haren irudia, «hasi altzarietatik eta janari eskaintzara arte».

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend