IRUDIETAN: Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak, zientziak eta teknologiak elkartuta

Azpeitiko Azoka Plazara iritsi da gaur, osteguna, Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka. Bertan elkartu dira Azpeitiko eta Azkoitiko DBHko eta Batxilergoko ikasleak, ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkezteko. Orotara, sei proiektu plazaratu dituzte ikasleek: Basoen dibertsitatea, Kristalografia, Erreakzio kimikoak, Ibaien ekologia, Prototipogintza eta Metodo zientifikoa. Azoka Plazan elkartu diren gazteek beren lanak erakutsi dizkiete beste eskoletako ikasleei, eta proiektuak ezagutzera hurbildu diren herritarrei. Bertan izan dira Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariak ere. Ikasleen lanak aurkeztuta eta ikusita, diplomak banatu dizkiete ikastetxe bakoitzeko ordezkariei.

Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak bultzatu du Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka bigarren urtez jarraian. Sustatzaileen arabera, egitasmoaren xedea da bailarako gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea. IB Sarearen Hezkuntza Gunearen barruan egin du ekimena eskualdeko garapen agentziak. Honako ikastetxe hauek osatzen dute Hezkuntza Gunea: Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Iraurgi ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Urola ikastolak.

Aurtengo edizioak zenbait berrikuntza izan du, eta bi fasetan garatu dute. Batetik, zientziari eta teknologiari lotutako irakasleek mintegi bat jaso dute, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeko, besteak beste. Bigarren fasean, berriz, mintegietan jasotakoa praktikan jarri dituzte, ikasleekin proiektuak aurrera eramateko. Eluyar Fundazioak gidatu ditu proiektuak, eta bailarako hamar irakasle eta 200 ikasle inguruk parte hartu dute lan horietan.

Hemen argazki batzuk:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend