Miren Narbaiza: “Nire musika bidaiatzeko dela uste dut, barrurantz begirarazten dizun horietakoa”

Hamabi urte Napoka Iria taldearekin igaro ditu eibartarrak, eta iaz geroztik bakarkako ibilbidean dihardu. Larunbatean Zestoan kontzertua eskainiko du, Gaztetxean, 22:30ean.
MirenNarbaiza

Miren Narbaiza. (Mice)

Miren Narbaizak (Eibar, Gipuzkoa, 1986) badu eskarmentua musika munduan. Izan ere, hamabi urte pasatu ditu kontzertuak eskaintzen Napoka Iria taldearekin, eta iaz geroztik, bakarlari moduan dabil Mice izen artistikoarekin. Aurreko urtean lehen diska kaleratu zuen, eta hamaika plaza igarota, Zestoan egingo du hurrengo geldialdia. Izan ere, Feminismotik (h)astea dela eta, eibartarrak kontzertua eskainiko du larunbatean, 22:30ean, Zestoako Gaztetxean.

Nola eta noiz hasi zinen musikan? 

Txikitan eman nituen musika munduan lehen pausoak, beste askok bezala, musika eskolan. Etxean ere beti egon da musikarekiko zaletasun handia, eta horrek ere izan du eraginik. Geroago, gitarra akustikoa jotzen ikasi nuen eta konposatzen hasi nintzen. Eta horrela, gaur egun arte.

12 urtez Napoka Iria bandaren parte izan zara, eta iaz bakarkako ibilbideari ekin zenion.

Bai, taldearen amaiera iritsi zenean bakarka jarraitzea tokatzen zitzaidala sentitzen nuen. Orduan hasi nintzen nire bidea egiten eta zabaltzen.

Nola definituko zenuke zure diskoko musika estiloa?

Azaltzeko zaila dela esango nuke. Rock girokoa da, eta atmosfera desberdin asko ditu. Nire musika bidaiatzeko dela uste dut, barrurantz begirarazten dizun horietakoa.

Eta hitzei dagokionez, zein da mezu nagusia?

Nire sentimenduak paperean islatzen saiatzen naiz, eta horiei bidea ematen diet musikarekin. Pertsonalak dira hitzak, eta entzuleak beren egitea gustatzen zait, hitzekin idenfikatzea beraien modura.

Zestoako Aste Feministaren kartelean egoteak ere esango du zutaz zerbait, ezta? 

Antolatzaileek jo zuten nigana eta pozik nago Zestoan joko dudalako, lehen aldia izango baita. Eta oraindik eta gustorago nago, gainera, aste feministaren barruan eskainiko dudalako emanaldia.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend