1996tik, ia hutsik egin gabe

Aurten hogeita bi urte dira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen ernamuinak Urrestillan lehen aldiz jo zuela. Harrezkero, urte batean izan ezik, beti izan dira festetan.
BENTAZAHARREKO_MUTIKO_ALAI(1)

1996an Urrestillan egin zuten lehen saioa. (Bentazaharreko Mutiko Alaiak)

BENTAZAHARREKO_MUTIKO_ALAI

2016ko festetan, Sinberguentzako zubian. (Mailo Oiarzabal)

Urrestillan gaur bertan hasiko dira hurrengo asteburuan ospatuko dituzten San Joan festetarako motorrak berotzen. Urtero ohi dutenez, sanjoanen aurreko asteburua ere ekitaldiz bete dute: profesionalen esku pilota jaialdia izango dute gaur gauean, Jubilatuen Eguna ospatuko dute igandean, eta bihar, herri krosak beteko du arratsaldea. Kirola ez da izango, ordea, zapatuko hitzordu bakarra. Lasterkariek bete beharreko ibilbideak osatu eta kroseko sariak banatu ondoren, musikaz eta kantuz beteko dira Urrestillako kaleak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin. Eta zain-zain izango dituzte musikariek urteroko hitzordua ondo baino hobeto ezagutzen duten helduak, gazteak zein umeak.

Izan ere, badira sanjoanetan eta festen bueltan urtez urte iraun duten ekitaldiak, eta horietako bat da kantu jira; Ibon Garmendiak (Urretxu, 1977) aitortu bezala, hasierako urteetatik “asko aldatu” bada ere.

2000. hamarkadaren hasieran iritsi zen lehen aldiz Urrestillara Garmendia bera, taldeak Bentazaharreko Mutiko Alaiak izena hartu zuen garaitsu berean. “Urretxuko kantu afarian parte hartzen nuen eta taldeko besteak oso ezagunak nituen, parranda girotik eta. Juanlu Aranburuk esan zidan hasteko, eta horrela sartu nintzen”, kontatu du. Urretxu-Zumarragako musika eta kultur girora jo beharra dago, hain zuzen ere, taldearen sorburua topatzeko; eta 1990eko hamarkadan giro hartan murgilduta zebiltzan batzuek Pako Aristi idazle eta musikariarekin egin zuten hartu-emanean bilatu behar da Bentazaharreko Mutiko Alaiek Urrestillarekin duten bi hamarkadatik gorako lotura estua.

“Pako eta bere lagunak”

1996an jo zuten lehen aldiz Urrestillan gerora Bentazaharreko Mutiko Alaiak izango zirenek. “Garai hartan Urretxu-Zumarragan bazegoen Hits&Fits izeneko talde bat, arte garaikidearen inguruan mugitzen zen jendea elkartzen zuena. Talde indartsua zen, zikloak eta emanaldiak antolatzen zituzten. Pako Aristi ere joanda zegoen horietako batzuetara, eta haren bidez hauek ere parte hartu izan zuten beste egitasmoren batzuetan”. Jose Luis Padron zen talde hartako kideetako bat, eta haren interesak bultzatuta joan ziren lehen aldiz Urrestillara Urretxu-Zumarragako lagunak. “Padronek bazekien Pakok euskal kantagintzaren inguruko liburu bat idatzia zuela, eta erabaki zuten Urrestillara etortzea berarekin horretaz hitz egitera. Etorri ziren, eta hitz egiten ez dakit hasi ere egin ziren. ‘Instrumenturik ekarri al duzue?’, galdetu zien Pakok. ‘Bai’, besteek. ‘Benga, atera’. Eta kristoren parranda bota zuten, eta ez zuten hitz egin ezertaz. Horrela hasi zen hemengo kontua”, dio orain Urrestillan bizi den Garmendiak. Aristi Zumarragako Santa Ixabel eguneko festara gonbidatzen hasi ziren, hura Mikel Markez eramaten hasi zen… Horrela, zenbait urtetan usadio bihurtu zen musikari lagun taldea elkartzea eta urtean hiru emanaldi egitea: Urrestillako sanjoanetan, Zumarragako santaixabeletan, eta Aian, Markez bizi zen herrian.

Hasierako urte haietan, Urrestillako festa egitarauan “Pako eta bere lagunak” izenarekin aurkezten zituztela gogoan du Garmendiak. “Pako berari eskatu zioten gainerakoek izen artistikoren bat asmatzeko, eta horrela sortu zen Bentazaharreko Mutiko Alaiak. Dublinetik bueltan zetozen, eta han oso ohikoa izaten da tabernetan musika jotzen duten taldeek antzeko izenak izatea. Horrela hartu zuen izena taldeak”.

Karroarekin batera, taldea

Juanlu Aranburu (soinua), Mikel Peñagarikano (kitarra) eta Iñigo Peñagarikano (txistua, hasieran; ahots nagusia, orain) dira 1996an Urrestillara lehen aldiz iritsi zen lagun taldean zeuden eta gaur egun jarraitzen duten hiru musikariak. Garmendiarekin (txistua eta danborra), Endika Altzelairekin (baxua), eta biolinarekin txandakatzen joaten diren Amaia Aranagarekin eta Iraia Bereziartuarekin, zazpi lagun dira uneotan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldean.

Urtean hirutan elkartzetik, emanaldien sarea zabaltzen joan ziren aurrena, nahi gabe ia, hasieran. “Urte batean, uste dut 2005a izango zela, Pakori deitu zioten Aizarnazabalera jotzera joateko. Ekiporik ez genuen, ez ginen taldea… ‘Eska iezaiek barbaridade bat, eta kito’, izan zen erantzuna, atzera egitea nahiago genuelako. Horrela, mila euro eskatu zizkien Aizarnazabalgoei… eta baietz, haiek! Han joan ginen. Aizarnazabalgo emanaldian, berriz, ikusi gintuzten Orioko Goikokaleko festak antolatzen zituztenek, eta haiek ere Pakori eskean. Eta horrela hasi ginen”.

Talde-talde izatera, ordea, 2006an igaro zirela azaldu du Garmendiak. Urte hartan erosi zuten “karroa”, bozgorailuekin-eta hornituta. Kreditua eskatu zuten hura erosteko. “Orduan, helburua zen emanaldiak lortzea, karroaren inbertsioari buelta emateko. Horrekin, emanaldiak lortzeko pizgarria bagenuen”. Ordura arte ez bezala, saioen bila hasi ziren, plaza berriak egiten. Gaur egun, urtean 20-30 emanaldi egiten dituzte, “aurten pixka bat gehiago, agian”.

Ibiliaren poderioz topatu dituzte “toki kutun” gehiago –Ondarroako Arrantzale Egunean hamargarren urtez jarraian joko dute aurten, esaterako–, baina Urrestillako hitzorduak “berezia” izaten segitzen duela dio Garmendiak. Emanaldi guztietan banatzen dituzte ia urtero berritzen duten kantuen liburuxka; 60 bat kanta jasotzen dituzte liburuxkan. Badituzte “inoiz jotzea lortzen ez” dituztenak, “Sarri, Sarri bezala”. Gehien eskatzen dizkietenen artean ez dira falta “ohikoak”: Xalbadorren heriotzean, Eperrak. Lau teilatu… Urrestillan, berriz, Xabier Leteren Ni naiz da hutsik egiten ez duena.

Urola Kostan hitzordu gehiago

Udan beste hiru emanaldi hitzartuta dituzte eskualdean: hilaren 30ean Orioko sanpedroetan ariko dira, uztailaren 5ean Getariako festetan, eta irailaren 8an, Euskal Jai egunaren bezperan, Zarautzen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend