Zumaiako Keretxudiko baratzeetarako izena emateko epea uztailaren 9an irekiko dute

Zumaiako Udalak, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, baratze parkea osatu du. 50 eta 70 metro koadroko 50 lursail izango dira erabilgarri. Hamar egun ipiniko dituzte izena emateko
Zumaiako baratze parkearen aurkezpena.(Izaskun Urbieta)

Zumaiako baratze parkearen aurkezpena.(Izaskun Urbieta)

Baratze parkea izango duen Gipuzkoako hogeigarren herria izango da Zumaia. Parkearen helburua da, nekazaritza jarduera lantzeaz haratago, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzea. Horrela, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, Zumaiako Keretxudiko lurretan 50 baratze prestatu ditu Zumaiako Udalak.

Lursail horiek 50 eta 70 metro koadro artean izango dituzte, eta horietatik erdia interes taldeentzat gordeko dira, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat: langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak, eta abar. Gainerako erdiak, izena ematen duten herritarren artean banatuko dira, beti ere, errentaren arabera. Hori bai, eskariak baratzeak baino gehiago balira, zozketa bidez banatuko dira. Horrela, interesa dutenek, uztailaren 9tik aurrera hamar egun izango dituzte baratzeetarako eskaera egiteko.

Erabiltzaileen elkartea
Keretxudiko baratze parkean, bi etxola, bi konposgune eta bi aska egongo dira. Etxola bat, adibidez, aldagela bezala erabiltzeko egokituko dute, eta bestea, tresnentzako biltegi moduan.

Lursailaren erabilera urtebetekoa izango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.
Baratze parkearen ordenantzan baratzeen erabilpen egokirako hainbat aholku eta betebehar jaso dituzte. Gainera, udalak erabilera kanon bat jarriko du. Hala, hilero 10 euro ordaindu beharko dute erabiltzaileek; urtean, 120 euro. Gainera, baratze bat eskuratzeko 100 euroko fidantza ordainduko da.

Baratzeen kudeaketa egokia ahalbidetzeko, erabiltzaileek elkarte bat sortu beharko dute. Elkarte horrek, gainera, ordezkari bat izendatuko du Kutxa Ekogunearekin eta udaleko arduradunekin harremanetan egoteko.

Zumaian Keretxudiko baratze parkea. (Zumaiako Udala)

Zumaian Keretxudiko baratze parkea. (Zumaiako Udala)

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend