Miren Gorrotxategi ‘Puntuka’: ‘Sorginen matxinada’

Egun batzuk badira norbaiti entzun niola, kontuak kontu, unibertsitatearen izatea ikasleak lan mundurako prestatzean datzala. Ez nion ezer erantzun; onartu behar askotan hitzez motel samarra naizela. Edo astakeriak esan baino, nahiago izaten dudala hausnartu ondoren erantzun ―horrek astakeriak botatzetik libratzen ez nauen arren―. Ikasturtea pasa dut Parisen euskarako eta euskal kulturako klaseak ematen. Printzipioz, badirudi euskarak ez diela gazte horiei datorkien lan-mundurako ekarpen handiegirik egingo. Baina, lehen klasearen ondoren, hala esan zidan ikasle batek: ouverture d’esprit eskatzen zuela halako hizkuntza desberdinak. Hau da: pentsaera irekia, kuriosoa, aurreiritzirik gabea, tolerantea behar dela euskara ikasketan hasteko. Barneratutako eskema zurrunak alde batera utzi eta urratu gabeko bide berrietan barrena ibili beharra dagoela.

Ikasle nintzela, izan nuen neuk ere halako jarrera eskatzen duen ikasgai bat. «Emakumeen historia» zuen izena. Gaztetasunaren inozentzia samur hark jasotako lehen zaplazteko horietako bat izan zen niretzat, haur jaioberriei arnasa hartzen hasteko, erreakzionatzeko ematen zaienaren modukoa. Ordura arte eraikitako eskema mentaletan, falta ziren pieza asko zeudela ohartu nintzen. Zutabe faltsuen gainean eraiki nituela sendotzat nituen uste asko. Hainbeste urtetan izandako historia irakasleetatik, bakar batek ere ez zidala kontatu historia irabazleek idatzia izan dela, George Orwellek zioen moduan. Egona naiz ordea lubakiaren beste aldean, historia-irakasleen bandoan. Eta tokatu izan zait amorratzea testu-liburuekin. Bi ahoko arma arriskutsuak, inondik inora. Hainbat orri hartzen zituen ikasgaiaren ondoren, hala zioen, gutxi gorabehera, paragrafotxo baten goiburuak: “Emakumeak halako mendetan”. Interpreta zitekeen gaztetxoei historiako emakume garrantzitsuak aurkezteko modu gisa, emakumezko ereduak ere izan ditzaten. Nire interpretazioa guztiz bestelakoa izan zen: historiaz ari garenean, benetako historiaz, alegia, gizonen historiaz ari garela. Emakumezkoenak paragrafotxo bereizi bat baino ez duela merezi.

Eneko Goiak Anariri buruz idatzi berri duen txioa datorkit gogora: “Adarra Saria jaso du ez emakumea izateagatik, baizik eta artista handia izateagatik”. Eskerrak zalantza argitu digun alkate jaunak. Hautsak harrotu ditu, bai, baina ez zait kontzeptua arrotza egin. Azken bi urteotan zenbait ekitalditan literaturaz edo kulturaz aritzeko deiak jaso izan ditut. “Eta, noski, zera, gainera, ba, emakumea zarenez, ba…” eta antzeko esaldi asko entzun ditut telefonoaren beste aldean. Ekintza parekideak antolatu nahian dabiltzala adierazteko modu trakets samarra baino ez dela pentsatu izan dut. Baina ziur nago ekintza horietan, gizonezko bakar batek ere ez duela entzun behar izan “deitu dizugu, zera, gizonezkoa zarenez, ba…” edo antzekorik. Izan ere, gizonezkoen iritziak bere horretan du pisua; gurea arrosaz edo morez azpimarratuta doa beti.

Zerrenda kurioso bat irakurri nuen behin: hamasei eta hemeretzi urte bitarteko gaztetxoek adierazten zuten handitan noren antza izan nahi zuten. Hamaikakoa zen lehenengo ikusi nuen zerrenda: neskek zioten, lehenik, Amancio Ortega bezalakoak izan nahi zutela; bigarrengo eredutzat euren ama zuten, eta hirugarren postuan Emma Watson aktorea zegoen (aita 5.goan zuten, Steve Jobsen atzetik). Mutikoen zerrendaburuak Bill Gates, Steve Jobs, Amancio Ortega eta aita ziren. Nesken hamaikakoan gizonak zein emakumeak zeuden; mutilenean, aldiz, gizonak bakarrik. Zerrendaren bertsio luzeagora jo nuen, hogeita bostekora, artean esperantza apur batekin. Baina aldaketarik ez: mutilenean, emakume-izen bakar bat ere ez zen ageri. Egin ezazue proba zuen txikiekin, galdetu handitan noren antza izan nahi duten. Harrituko zarete. Edo ez. Baina erantzunak bestelakoak izatea nahi badugu, has gaitezen, behingoz, eraikia deseraikitzen eta historia berridazten. Orwellek idatzia da hau ere: “Daukaten indarraz konturatu arte, ez dira matxinatuko. Eta matxinatu arte, ez dira horretaz konturatuko”. Sorgin- gurpila dirudi, baina aldaketaren lehen zantzuak sumatzen hasia naiz. Hasia baita erreko ez dituzten sorginen matxinada.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend