San Kristobal eguna ospatuta, bihar ere jaiekin jarraituko dute Zehatzen

'Amama' filma emango dute 22:00etan, eta ondoren, Juan Aldalur 'Astui' trikitilariak jarriko du erromeria giroa, festak agurtzeko.

Asteburuko ospakizunek gaur izan dute segida Aizarnazabalgo Saiatz-Zehatz auzoan, zaindariaren egunarekin. Eguerdian, San Kristobal eguneko mezaren ondoren, Aizarnazabalgo Alaitsu dantza taldekoek saioa eskaini dute plazan. Arratsaldean, berriz, beraientzat prestatutako jolasekin gozatu dute haurrek; iluntzean, Laja II.a eta Narbaiza trikitilariek girotutako erromeriarekin borobilduko dute San Kristobal eguna.

Bihar ere bai

Berez, gaurko egunarekin bukatzekoak ziren aurtengo sankristobalak Saiatz-Zehatzen, baina egun bat gehitu diote azken orduan jai egitarauari. Horrela, bihar gauean ere izango da ondo pasatzeko aukera Ermitta plazan: hasteko, 22:00etan, Amama filma emango dute, aire zabalean, Aizarnazabalgo Gaztetxeak antolatutako saioan; ondoren, jaien behin betiko agurrean, Juan Aldalur Astui trikitilariak musika jarriko du, dantza egin nahi duenarentzat.

Hona hemen, Alaitsukoen emanaldiaren argazki batzuk (argazkiak: Saiazko Festa Batzordea):

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend