Arrue eta Irureta gogoan, II. Beñat Benantxio ibilaldi neurtua egingo dute irailaren 22an

Egitasmoan parte hartu nahi duten lagunek izen-ematea aurrez nahiz egunean bertan egiteko aukera izango dute. Mendi martxa Aizarnatik hasiko da, eta 25 kilometro inguruko ibilbidea izango du.

Beñat Benan

Mendizaletasunak eta oroimenak bat egingo dute irailaren 22an Aizarnan. Egun horretan, gogoan izango dituzte Beñat Arrue azpeitiarra eta Benantxio Irureta aizarnarra, bigarren urtez antolatu duten Beñat Benantxio ibilaldi neurtuan. Duela bi urte, 2016an, egin zuten aurrenekoz bi mendizaleak oroitzeko ibilaldia, Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro Mendi Elkarteak eta Zestoako Udalak antolatuta. Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada.

Mendizale amorratuak eta lagun handiak ziren Arrue eta Irureta. Mendizaletasunaren pasioak lotu zituen, eta pasio horrek berak kendu zien bizitza bi lagunei. 2001eko urriaren 17an, Pumori (Nepal) mendia igotzen ari zela izotz-jauzi batek azpian harrapatuta hil zen Arrue. Irureta, berriz, Hamabi urte beranduago, 2013ko maiatzaren 13an, Aneto mendian erorita zendu zen Irureta. Haien omenez egingo dute irailaren 22ko ibilaldia.

Aizarnatik hasita, 25 kilometro inguruko ibilbidea eta 1.300 metroko malda izango du mendi martxak, eta Komizolatza, Iturriotz eta Altzola igaro ostean, Aizarnan bukatuko dute ibilbidea. Ibilaldi neurtua Aizarnako plazatik abiatuko da, 07:30etik 08:00etara bitartean. Bazkaria, aldiz, 14:30 aldera izatea aurreikusten dute antolatzaileek.

Egitasmoan parte hartu nahi dutenek www.herrikrosa.eus webgunean egin beharko dute izen-ematea. Ibilaldi neurtuaren egunean bertan ere izango da izen-ematea egiteko parada, Aizarnako plazan jarriko duten mahaitxoan. Internet bidez izena ematen dutenek, izen-ematea 10 euro ordaindu beharko dituzte. Irailaren 22an bertan animatzen direnek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Ibilaldia egin ostean, sabelak betetzeko bazkaria egingo dute Aizarnan. Mendi martxa egin eta bazkarira joan nahi dutenek, orotara 22 euro ordaindu beharko dute izen-ematea.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend