Asisko Urmeneta: “Gure herria askatzeko lehenbiziko urratsa horretarako gai garela sentitzea da”

Asisko Urmeneta 'Eusklabo Alaiak' liburuarekin.

Asisko Urmeneta ‘Eusklabo Alaiak’
liburuarekin.

Gaur Eusklabu Alaiak liburua aurkeztuko du Asisko Urmeneta komikilariak, Orioko Salatxo aretoan. 18:00tan hasiko da Urmenetaren bakarrizketa ilustratua.

Aurkezpenean marrazkiak eta hitzak uztartuko dituzu, marrazki horiek mezuaren esanahia indartzeko balio al dute?
Bai, hitza eta irudia nire lan tresna dira. Orokorrean zerbait kontatzerakoan niri lagungarriak iruditzen zaizkit; gainera jendearen arreta eta ulermena errazten dutela uste dut. Irudiak zuzenean marrazten direnean, erakargarriagoak izaten dira, deus ez dagoen leku batetik hasten bainaiz horiek sortzen. Niri aspergarria egiten zait euskarri grafikorik gabeko hitzaldia ematea.

Zein da liburuan gai nagusia?
Euskal Herriaren parodia bat da, oraingo errealitatearen karikatura bat. Batetik, umorearen bidez euskaldunok daukagun sumisioa eta auteoestimu apala nabarmendu nahi izan ditut, eta bestetik bukaera zoriontsu bat eskaini nahi izan dut. Nik ikusten dut herri ukatua eta sumisoa garela, eta badela garaia horretaz ohartzen hasteko; norabide egokian jarraituz gero gure herria beste edozein herri libre bezalakoa izan daiteke.

Zergatik aukeratu duzu Intzura Handia istorioaren kokaleku gisa?
Iruditzen zait oso ongi laburbiltzen duela gure egoera kaskarra. Badakigu Intzura Handia dela munduko azken kondominioa; kondominioa da erregimen juridiko berezia duen lurraldea, eta bi potentziek kudeatzen dute, bertakoek ez dutelarik ez botorik, ez ahotsik. Intzura Handia Espainiako armadak kudeatzen du urte erdiz, eta Frantziakoak beste horrenbeste. Orduan, egokia iruditu zitzaidan kokalekua, hori baita gure karikaturarik onena. Euskal Herria nik horrela ikusten dut, menperatua dagoen kondominio bat da eta euskaldunok kudeaketa autonomikorako ahalmena izan arren, ez dugu deus ere erabakitzeko botererik, ez ahalmenik. Orduan, egiazko kasua izanda, iruditu zitzaidan gure karikatura kokatzeko lekurik onena zela.

Euskal Herriaren inguruan beti errepikatzen diren hainbat ideia daude, besteak bestek, txikia dela edo euskara hizkuntza zaharra dela. Ideia horiek gainditzea ezinbestekoa al da herri bezala ahalduntzeko?
Nire ustez bai. Adibidez Afrikako gaur egungo errepublika soberanoak garai batean kolonia menperatu batzuk izan ziren, eta pentsalari handiak sortu dira hortik; konplexurik gabe lortu dute beren askatasuna eta independentzia. Autore horiek irakurriz ohartzen zara zer garrantzitsua den menperatzaileentzako menperatuari sinistaraztea ezertarako ez dutela balio, ez dutela indarrik, bere hizkuntza txikia dela, zaharra eta arkaikoa, eta beraiek direla unibertsaltasuna eskaini ahal dezaketen bakarrak. Orduan, nire ustez gure herria askatzeko lehenbiziko urratsa horretarako gai garela sentitzea da. Txikiak ez garela sentitzea. Lorpen handia litzateke denok elkartzea independentzia nazionalaren oinarrizko ideia batzuen inguruan, eta bide horretan aurrera egitea. Horrela lortu izan dute askatasuna munduko beste herri gehienek. Orduan, guk zergatik ez?

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend