Biotopora ez ezik, Garate-Santa Barbarara ere egingo dituzte irteera gidatuak Zarautzen

Udaleko Agenda 21ek doako saio gidatuak antolatu ditu aurtengo udako ere, herriko naturguneak eta babestutako eremuak ezagutzeko.
 Seo Birdlife elkarteko kide Lucia Peña eta Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal).

Seo Birdlife elkarteko kide Lucia Peña eta Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal).

Iaz Iñurritzako biotopoan egin zituzten irteera gidatuak, Aranzadi elkarteko kideekin lankidetzan, eta “arrakasta” izan zutela nabarmendu du Ageda 21 Departamendtuko zinegotzi Gloria Vazquezek: “Ostiralero egiten genituen eta beti betetzen ziren taldeak”. Aurten, eskaintza zabaldu dute, eta biotopora ez ezik, Garate-Santa Barbara eremura ere antolatuko dituzte irteerak, arkamurka basoa eta Zingira ingurua ezagutzera emateko herritarrei zein bisitariei.

Ostiralero izango dira irteerak, irailaren 7ra arte, eta txandaka dinamika izango du, aste batean biotopora joanez eta hurrengoan basora. Aurten, Debanaturako eta Seo Birdlife elkarteko kideek gidatuko dituzte, eta saioak doakoak badira ere, aurretik izena ematea komeni da Zarauzko Turismo Bulegoan edo malekoiko turismo informazio gunean (843-89 03 77).

Gehienez ere 30 lagunetara mugatu dute parte hartzea, eta beharrezkoa balitz, bi taldetxo osatuko lituzteke bisita euskaraz nahiz gaztelaniaz eskaintzeko. Izan ere, “iazko esperientziaren arabera, bi hizkuntzetan aldi berean eginda asko geldotzen zuen bisita”, dio zinegotziak.

Uztailaren 13an, lehena

Ostiral honetan abiatuko dituzte irteera gidatuak, eta lehenbizikoa biotopora egingo dute. Bisitariak malekoiko informazio gunetik abiatuko dira, 16:30ean, eta bi orduko saioan dunetako landarediaren nahiz biotopoko hegaztien berri jasoko dute. Bide batez, zinegotziak nabarmendu du ezinbestekoa dela duna errespetatzea eta bertako landareei dagokien balioa ematea, “horietako batzuk arrisku egoeran daudelako”.

Hurrengo astean, uztailaren 20an, berriz, basora irtengo dira, eta 18:00etan Aiten-Etxe paretik abiatuz, Mutxiotik Zingiraraino joango dira. Ingurune horretan dauden zuhaitzak eta landareak identifikatzeko baliagarria izango da, batik bat, arkamurkako basoa bisitatzeko. Seo Birdlife elkarteko kide Lucia Peñak adierazi du irteeretan material lagungarria eramango dutela: largabistak eta hainbat gida, haurrentzat zein helduentzat.

“Irteerekin ezagutzera eman nahi ditugu gure herriko altxor naturalak. Azken finean, ezagutzen dugun hori babesten dugulako. Gure asmoa da sentsibilizatzea, horiez gozatzeko”, azpimarratu du Vazquezek. Era berean, egitasmoa Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren barruan dagoela zehaztu du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend