ELA-k mobilizazioak hasi ditu, adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzea eskatzeko

Patronalak hitzarmena berritzeko "aurrerapausorik" eman ez duela eta, beharginek mobizlizazioetara eta grebara joko dute datozen hilabeteetan. Urola Kostan, ia egoitza eta eguneko zentro guztiak daude "blokeo egoeran".
Azkoitiko San Jose egoitza. (Nerea Uranga)

Azkoitiko San Jose egoitza. (Nerea Uranga)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan hitzarmenak berritzeko negoziazio mahaia urtebetez irekita egon ondoren, mobilizazioei ekin die ELA sindikatuak, haien arabera, patronalak “aurrerapausorik” ez duelako eman. Egun, 2015-2016 urteei dagokien hitzarmena dute indarrean adinekoen egoitzetan, eta datozen bi urteetarako sinatu nahi dute lan itun berria. Besteak beste, soldatak igotzea eta baja eta kontzilizazio baldintzak hobetzea dute helburu langileek. Hitzarmena berritzeko, ordea, patronalaren “borondate falta” salatu dute, eta egoera herritarrei plazaratzeko protestak egingo dituzte datozen hilabeteetan.

Sindikatuaren nahia da sektoreko hitzarmena onartzea aurrena, eta ondoren, hura egoitzaz-egoitza sinatzea. Urola Kostan, Zestoako San Juan adinekoen egoitza ezik, gainerako egoitza eta eguneko zentro guztiak daude “blokeo egoeran”; hau da, Azkoitiko San Jose egoitza, Azpeitiko San Martin egoitza, Zarauzko Santa Ana egoitza, Zumaiako Otezuri eta San Juan egoitzak eta Azkoitiko, Azpeitiko, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako eguneko zentroak. Zestoako San Juan egoitzak, berriz, bere hitzarmena dauka indarrean.

Bi fasetan egingo dituzte mobilizazioak: lehenengoak sozializazioa du helburu, eta, besteak beste, Gipuzkoako hainbat langilek eta ordezkarik ekitaldia egingo du bihar Donostian. Irailetik aurrera, berriz, grebara joko dutela irabagarri dute. Irailean, greba egun bat dute deituta; urrian, hiru egunez egingo dute greba; azaroan, bost egunez; eta abenduan, zazpi egunetan.

ELAk adierazi duenez, patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duten proposamena izan da “enpresa hitzarmena duten langileen soldatak izoztea, eskubide sozialak ezabatzea, enpresa hitzarmenak indargabetzea eta hainbat egoitzatako hobekuntzak desagertzea”. Sindikatuak gogoratu du “sektore feminizatua” dela adinekoen egoitzena, eta hango langileek bizi duten “prekarietatea” salatu dute. Ildo horretan, dei egin die erakundeei auzian esku har dezaten. “Egoitzen beharra duten gero eta aiton-amona gehiago dago, eta hango ratioak desfasatuta daude. Martxoaren 8an entzuten dugu emakumeek jasaten duten soldata arrakala berdindu beharra dagoela, baina ondoren, ez dute praktikan jartzen”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend