Iritsi da Azkoitira EHUren ‘Migrazioa eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean’ ikastaroa

Ikastaroaren xedea da Kanpoan den Euskal Komunitatearen ekintzen gaineko eztabaida finkatzea. Bihar eskainiko dute bigarren saioa. Gorka Alvarezek inaugurazio ekitaldian esan duenez, "ezinbestekoa" da euskal diaspora ikusaraztea.

UEU Azkoitia

EHUk antolatutako Migrazioa eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean ikastaroa hartu du gaur goizean Azkoitiko Insausti jauregiak. Ikastaroaren xedea da Kanpoan den Euskal Komunitatearen ekintzen gaineko eztabaida finkatzea. Hau da, XXI. mendeko kanpoko euska presentziaren gaineko gogoeta analitikoa hastea, gero ondorio argiak ateratzeko eta horiek politiko publikoetan garatu ahal izateko. Gaur goizean ekin diote jardunaldiei, eta inaugurazio ekitaldian izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Juan Bautista Mendizabal Gipuzkoako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria, Fernando Tapia EHUren Udako Ikastaroetako ordezkaria eta Gorka Alvarez Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria.

Gaur eta bihar artean, sei adituren artean hainbat gai aztertuko dituzte, hala nola Euskal Herriko eta Galiziako diaspora, Europako hegoaldeko “migrazio berria” eta Euskal Herritik kanpora dagoen euskal gazteria. Ikastaroa euskal gizataldeetan, migrazioan nahiz mugikortasunean adituak diren lagunek eskainiko dute, hala nola Carmen Gozalezek, Catalina Uzcangak, Gorka Alvarezek, Imanol Galdosek, Marcos Murok, Oscar Alvarezek, Xose Manoel Nuñezek eta Pedro J. Oiarzabalek.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen hitzetan, “sarritan euskal diaspora folklorearen eta erromantizismoaren ikuspegitik hartzen da, horrek azalean geratzeko duen arriskuarekin”. Gaineratu du, gai horren inguruan “hausnartzeko eta sakontzeko asko” dagoela oraindik. “Diasporak nor garen, nondik gatozen eta nora goazen erakusten digu”, esan du Zubizarretak. Azkoitiko alkatearen ustetan, “teknologiak eta garraioetan emandako aurrerapenek errotik aldatu dituzte harreman ereduak”. Hori ez ezik, uste du “mugikortasuna erraztearekin batera”, atzerrira joandako lagunak “gero eta gehiago” direla. Gorka Alvarezek inaugurazio ekitaldian esan duenez, “ezinbestekoa” da euskal diaspora ikusaraztea. Hiru talde “nagusitzen” dira kanpoko euskal komunitatean Alvarezen hitzetan: ”Kanpoan bizi diren euskal herritarrak, nazionalitate espainiarra dutenak eta azken helbidea Euskadin dutenak. Atzerrira joandakoak eta Espainiako Gerra Zibilean joandako lagunak, nahiz eta azken horiek adinagatik gero eta gutxiago izan. Hau da, jatorri euskalduna dutenak eta kanpoko Euskal Etxeetako bazkide direnak, eta, azkenik, euskaldunak izan gabe eta jatorri euskalduna ez izan arren, euskalduna den guztiarekiko nolabaiteko afinitatea sentitzen dutenak“.

Ikastaroaren zuzendariak aipatu du “behar beharrezkoa” dela etorkizunera begira garatu beharreko ekintzak finkatzeko eztabaida sortzea. Ateratako ondorioak 2019an ospatuko den Euskal Kolektibitateen Mundu Batzarrera eramango dituztela jakinarazi du Alvarezek. Fernando Tapiak, bere aldetik, euskal diaspora talentuarekin lotu du Tapiak: “Euskal diaspora, besteak bezalaxe, talentuz betetako kutxa da. Gure Unibertsitatean, eta oro har, guer herrian talentu espezializatua behar dugu. Talentuaren beharra gure erakundeen kezka nabarmena da. Batetik, talentuaren sortzeam, baina, bestetik, kanpoan dagoen talentua erakartzea. Horregatik, harridura sortzen du urte luzez altxor baliotsu horri onurarik ez atera izanak”.

Juan Bautista Mendizabal historialariak esan du Euskalerriaren Adiskideen Elkartea “geroko euskaldunen senidetasunen aurrekaria” dela, eta horretarako erreferentzia egin dio 1776an sortutako Bergarako Errege Seminarioari eta han ikasi duten gazteei. UEUko ikastaroan izan diren ordezkariek gogoratu dute gaur egun 191 Euskal Etxea daudela mundutik, 25 herrialdetan banatuta.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend