Kandido Mitxelena Azpeitiko zinegotzi ohia hil da

Hiru agintalditan aritu zen Azpeitiko Udalean, Eusko Alkartasunaren ordezkari gisa; Kirol batzordeburua izan zen, besteak beste. Izarraitz Igeri Elkartearen lehendakari ere izan zen urte luzez, baita Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren lehendakari ere.
Mitxelena, 2012an eman zioten sariarekin. (Uztarria)

Mitxelena, 2012an eman zioten sariarekin. (Uztarria)

Kandido Mitxelena zinegotzi ohia hil da, gaur, 67 urterekin. Hiru agintalditan –1999-2003 agintaldian bi urtez eta 2003-2007 agintaldi osoa– aritu zen Azpeitiko Udalean, Eusko Alkartasunaren ordezkari gisa; Kirol batzordeburua izan zen, besteak beste.

Izarraitz Igeri Elkartearen lehendakari ere izan zen urte luzez, baita Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren lehendakari ere. 2012an Udalaren eta kirol taldeen esker ona jaso zuen; Azpeitiko urteko kirolari onenak saritzeko ekitaldian aitortza egin zioten Mitxelenari.

Bihar, ostirala, 19:00etan izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Azpeitiko Eusko Alkartasunak idatzi hau plazaratu du, hil berri den alkarkidea gogoan:

“Kandido Mitxelenak bat-batean utzi gaitu, baina gure bihotzean gordeak gelditu dira Azpeitiarekiko zuen konpromisoa, kirol mailan egindako lan izugarria eta, batez ere, Eusko Alkartasuneko militante moduan izandako ibilbidea. Azpeitiko Udalaren zinegotzi izateaz gain, EAren herriko antolakuntzan lan oparoa egin zuen, bere eskuzabaltasunak ez zion ezetz esaten uzten laguntza behar zen bakoitzean.

Abertzale zintzoa, Euskal Herria maite zuen gizona eta euskaldunon askatasunaren alde luzaro etengabe lanean aritu den alkarkide fina.

Laster arte, Kandido”.

Mitxelenaren omenez, berriz, honako gutun hau igorri dute Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Estitxu Elduaien zinegotziak, Handia izango da utziko duzun hutsunea izenpean.

“Eguna joan eguna etorri, oso gutxitan egiten zenuen huts igerilekuko goizeroko hitzordura: gimnasiora igo, zeure zirkuitua egin eta ingurukoekin berriketaldi eta hizketaldi umoretsuak uzten zenituen, eguna joan eguna etorri. Handia izango da utziko duzun hutsunea, Kandido Mitxelena, handia benetan, Mitxel.

Gure igerilekua bereziki oroituko da zutaz, eta ez azken urteotako bisitengatik bakarrik; bere ibilbide osoan  bidelagun sendo izan duzulako, bere izenean eta izanean hor egon zarelako beti. Izarraitz igeri elkartean aurrena; guraso bezala hasi, eta lehendakari bezala ondoren. Zenbat lan egin zenuen, zenbat eraiki eta zenbat sortu zenuen herrian igeriketak orain duen sona izateko. Eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioko presidente ere izan zinen, zure lana lurralde osora zabalduz.

Baina ez zinen igerian gelditu; Azpeitiko kirol guztien suspertzean ahalegin handia egindakoa zara, kirol zinegotzi garaian: gure herriko kirolak duen izena eta izana sortzeko eta indartzeko lanean, eguna joan eta eguna etorri aritu zien orduan ere. Horregatik, zuri ere zor dizugu orain garenaren zati handi bat, eta eskerrik asko, zintzotasunez, egindako lan guztiagatik.

Gure igerilekuak eta kirol esparruak bereziki oroituko zaitu, baina baita gainerako guztiek ere. Bizi zalea zarelako, jende artekoa, lagun artekoa, hizlaria eta umoretsua. Makina batek jan eta eskertu ditugu zuk prestatutako jakiak. Bizitzea mugarik gabe ulertzen zenuen. Gaur bertan Iruñera joateko hitzordua jarria zenuen, eta huts egin behar derrigorrez. Handia izango da utziko duzun hutsunea, Kandido Mitxelena, handia benetan, Mitxel; baina zure oroimenarekin betetzen saiatuko gara”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend