Hondartzetan ere hondakinak sailkatuta jasotzeko eskatu dute

Herritarrentzat kanpaina abiatu dute aldundiak, Emausek eta Surfriderrek. Orion jada izan dira, aste honetan Zarautzen ibiliko dira, eta gero Getaria eta Zumaian.
Gaur goizean aurkeztu dute hondartzako hondakinen bilketaren sentsibilizazio kanpaina Zarautzen. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur goizean aurkeztu dute hondartzako hondakinen bilketaren sentsibilizazio kanpaina Zarautzen. (Onintza Lete Arrieta)

Herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko karpak jarriko ditu aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat herritako hondartzaguneetan. Batetik, hondakinak gaika biltzeko eskatuko dute eta horri buruz informatu. Horrez gain, eguzkitik babesteko eta bestelako zaintzei buruzko informazioa ere emango dute. Horretarako elkarlanean ari dira aldundia, eta Emaus eta Surfrider elkarteak.
Urola Kostari dagokionez, Orion egin dute kanpaina aurrena, aurreko astean, eta orain Zarautzen txanda da (atzo hasi eta igandera bitartean). Hain zuzen, malekoian aurkeztu zuten kanpaina, atzo. Zarautzen udalak ere hartu du parte, eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia izan zen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin batera, xehetasunak ematen. Asensiok azaldu zuen hondartzetako informazio karpak hiru zati dituela: espazio batean hondartzei buruzko informazio orokorra emango da, hau da, hondartzak modu jasangarrian eta arduratsuan erabiltzeko aholku praktikoak; beste espazio bat umeei zuzenduta egongo da; eta hirugarren espazioan plastikoek itsasoan eragiten duten kalteaz informatuko da.

Edukiontzia hizketan?

Emauseko ordezkariak ere izan ziren kanpainaren aurkezpenean. Javier Pradinik azaldu zuen ume txikiak kontzientziatzea dela beren egitekoa, eta horretarako hondakinekin lokotx bilketa jolasak egingo dituztela arratsaldeetan. Irabazleak opari txiki bat jasoko du, gainera.
Bestalde, hondakinen edukiontzi batzuetan bozgorailuak jarriko dituzte, eta bluetooth sistema erabilita, herritarrek hondakinak ondo edo gaizki sailkatzen dituztenean, bozgorailutik jakinaraziko zaie. «Helburua da arreta piztea eta gaiari puntu dibertigarria ematea».
Surfrider elkarteak, berriz, hondartza garbituko du igandean, 10:00etan, eta jasotakoarekin musika tresnak egingo ditu.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend