Garbiñe Manterola: “Astearen hasieran ganaduaren edo gizakiaren ur zikinak iritsi ziren Orioko hondartzara”

Asteartean eta asteazkenean bainua debekatuta egon da Orioko hondartzan, eta zer gertatu den azaldu du ur zikinen tratamenduan aditua den ikerkelari Garbiñe Manterola oriotarrak
Garbiñe Manterola

Garbiñe Manterola

GARBIÑE MANTEROLA

Zer gertatu da azken bi egunetan Orioko hondartzan?
Jende askok egin dit galdera bera egunotan. Askotan kutsaduraz hitz egiten dugunean, sustantzia kimikoak etortzen zaizkigu burura, baina hori ez da guztiz zuzena. Izan ere, asteartean eta asteazkenean Escherichia Coli eta hesteetako Enterokokoak agertu ziren Orioko hondartzako uretan; bakteria horiek uraren kalitatea neurtzerako garaian adierazle bezala erabiltzen dira, eta erakusten dute kutsadura dagoela eremu horretan isurketa baten eraginez sortua, eta ur horrek gaixotasunak sortu ditzaketen patogenoak eduki ditzakeela.

Bi bakterio horiek gizakion eta animalien hesteetan egon ohi dira, beraz ganadua dagoen eremu bateko ur zikinak, edo gizakiaren ur zikinak iritsi ziren Orioko hondartzara. Azken egunotan eurite handiak egin ditu, eta seguruenik ibaian behera datorren ur-emari handiak isurketa hondartzara ekarriko zuen.

Isurketa horiek zer dela-eta egiten dira?
Isurketak izan daitezke nahita egindakoak, hau da, norbaitek euri asko egiten ari dela eta ur emaria handia dela aprobetxatuz isurketa egiten du, ur zikina uretan diluituko dela pentsatuz. Edo nahigabekoa ere izan daiteke. Adibidez, ur tratamenduen isntalazioak ur kantitate jakin bat tratatzeko diseinatuta daude, eta eurite handiak gertatzen direnean ez dute ahalmenik iristen zaien ur guztia tratatzeko. Egoera horretan, oso ohikoa izaten da ur emari handi hori plantatik ez pasatzea, eta ura sartu bezala atera egiten da eremutik; batetik, emari handiak hondatu egingo lituzkeelako bertan dauden azpiegiturak, eta bestetik, ur bolumena handia denez oso kutsadura maila baxuarekin iristen delako plantara. Izan ere, euri asko egiten duenean ur asko biltzen da eta kutsadura diluitu egin da.

Bestalde, ezin dugu jakin isurketa ganaduaren ur zikinena edo gizakiaren ur zikinena den, egin diren neurketek ez baitute datu hori zehazten.

Hondartza bainurako ixtea ohikoa izaten al da?
Gertatu izan da, eta uda denboraldian segurtasunagatik garrantzitsua izaten da egunero-egunero uraren kalitatea neurtzea, mikro-organismo horiek badauden edo ez jakiteko. Uraren kalitatea txarra bada, hondartza bainurako itxi egiten da, ur kutsatuak arrisku biologikoa sortu dezakeelako; hau da, ur horretan bainatzen denak hainbat gaixotasun harrapatzeko arrisku gehiago izango du. Infekzio arinak izaten dira normalean, otitisa edo gastroenteritisa modukoak, baina gaixotasun larriagoak ere sortu ditzake.

Uraren neurketak ez dira hondartzetan bakarrik egiten, bainua onartuta dagoen eremuetan egiten dira, igerilekuetan eta baita ibaietan dauden hondartzetan ere. Horrez gain, edateko urari ere egiten zaizkio Escherichia Coli eta hesteetako Enterokokoak neurtzeko azterketak.

Denbora asko pasatzen al da bakteria horiek desagertzen diren arte?
Bi egoera gertatu litezke. Alde batetik, isurketa puntuala izan bada hori diluitu arte itxaron beharko da, ezin baita inongo tratamendurekin konpondu. Bestetik, isurketa etengabea bada, kutsadurak hor jarraituko du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend