“Erabileran asko dugu egiteko”

Gazteen aktibazioan eragin nahi duen 'Euskarabentura' egitasmoan dira Etxabe (Oikia, 2001) eta Salegi (Oikia, 2002). Etxeko erosotasunetik irtetea "polita" izan dela diote
Bertol Etxabe eta Eire Salegi (Maria Maya Manterola)

Bertol Etxabe eta Eire Salegi (Maria Maya Manterola)

Nola izan zenuten proiektuaren berri?

E.S.: Nik Twitterren ezagun batek bertxiotu zuelako izan nuen egitasmoaren berri. Profilean sartu eta kuxkuxeatzen ibili nintzen, eta Bertoli asko gustatuko zitzaiola iruditu zitzaidan. Egia esan, ez genekien asko proiektuaren inguruan, beste eskola askotan izan ziren, baina guk ez genuen informaziorik jaso.

B.E.: Proiektua ikusi genuen momentuan erabaki genuen izena ematea. Hiru gai orokorren inguruko lan txiki bat eskatu ziguten horretarako.

Zer du Euskarabentura-k gainontzeko udako oporrek ez dutena?

B.E.: Jendea ezagutu dugu, Euskal Herri osoa zeharkatu, eta gainera, lehenengo espedizioaren parte izan gara. Denok ezberdinak izanik, pertsona bakoitzak zerbait erakutsi digu.

E.S.: Euskal Herriko txoko ugari bisitatu ditugu. Iparraldearekin, esaterako, sorpresa polita jaso dut. Asko gustatu zait. Parte hartzaile bakoitza ere mundu bat da, eta asko ikasi dut haiengandik. Nire burua kontrolatzen ere ikasi dut: janari gutxiago badut, adibidez, geroago jateko gordetzen dut zati bat.

B.E.: Ez da ohiko udaleku bat. Hilabete daramagu etxetik kanpo, lo lurrean egiten dugu, komunak elkarbanatu egiten ditugu, bazkaldu ere lurrean egiten dugu…

Garrantzizkotzat jotzen duzue lehenengo espedizio honetako parte izatea?

B.E.: Gauza berri baten partaide gara, eta inork ez zekien ondo aterako zen. Gure ekarpena egin dugu espedizioa aurrera irten dadin: azken finean, antolatzaileak lan egin arren, gu gabe ezin daiteke hau aurrera atera. Gainera, euskararen aldeko proiektu baten parte izatea polita da.

E.S.: Espedizio asko egon daitezke hemendik aurrera, eta hala bada, guk harro esango dugu lehenengoan parte hartu genuela.

Geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistiko ezberdinak ezagutu dituzue hilabete honetan.

B.E.: Guk etxean euskaraz egiten dugu, eta eroso bizi gara. Jendea, ordea, ez. Horrek eman dit atentzio gehien. Eskolan ikasitako euskararekin edota guraso batek edo ahizpa batek irakatsitakoarekin etorri da hona jendea. Euskal Herriko errealitate ezberdinak ikusi ditugu etxeko erosotasunetik irtenda.

E.S.: Aurrekoan dinamika bat egin genuen, arnasguneetako, gune mistoetako eta inguru erdaldunetakoak ezberdinduta. Inguru erdaldunetakoak euskaldunekin euskara batuan hitz egiten dutela ondorioztatu genuen, konplexuengatik. Horrek zer pentsatua eman zidan. Zortea dugula pentsatzen dut.

Horren jabe izatea euskararekiko jarrera aldatzeko baliagarria izan da?

B.E.: Bai. Egiteko asko dugu euskararen alde.

E.S.: Bat nator Bertolekin. Gainera, asko jarrera kontua da. Hitzaldi asko izan ditugu herrialde ezberdinetako soziolinguistikaren inguruan, eta behin eta berriz errepikatu dena izan da ezagutza asko handitu dela, baina erabileran asko dugula egiteko. Hori norberaren jarreraren kontua da. Horrek kontzientzia pizten dizu. Guk erraztasunak ditugu horretarako, eta guk euskaraz ez egitea galtzeko arrazoi bat izan daiteke. Pertsona bat dago espedizioan automatikoki berarekin gaztelaniaz hitz egin dudana, eta antolakuntzak proiektu bat proposatu digu azken hamar egun hauetan, euskaraz hitz egitera bultzatzeko. Asko balio izan dit.

E.S.: Euskaraldiakoekin ere izan ginen, eta lehenengo hitza beti euskaraz egiteaz aritu ginen. Oso garrantzitsua iruditzen zait.

Lehenengo egunean zin egin zenuten euskaraz soilik hitz egingo zenutela. Agindutakoa betetzea kostatu al zaizue?

B.E.: Lehen aipatu bezala, pertsona batekin ihes egin dit. Gaztelaniaz ez dakien jendea ere badago, baita frantsesez ez dakiena ere. Hemen denok komunikatzeko eta ulertzeko hizkuntza euskara da.
E.S.: Guretzat ohikoena hori da, eta hemen egin ditudan lagunekin joera hori izan dut. Washingtoneko bat ere badago, eta ez daki oso ondo gazteleraz. Berak ulertzen ez duenez, euskaraz egiteko eskatzen die gaztelaniaz egiten diotenean.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako eta atzerriko jendea ere ezagutu duzue.

E.S.: Gasteizko lagun bat egin dut. Bera barnealdekoa da, ni kostakoa. Aldaketa nabaria da.
B.E.: Euskalkiekin ere nahikoa barre egin dugu. Bizkaitar batekin hizketan aritu naiz, nik ere haiek bezala hitz egin nahian.
E.S.: Nire taldean, adibidez, arrikoa egitera zihoala esan zuen aurrekoan batek. Banekien zer zen, baina ez nuen uste inork erabiliko zuenik. Horren kontura, une hura gogoratuz barre asko egiten dugu.
Ibilbidearen erdia egin duzue dagoeneko. Nolakoak izango dira datozen egunak?
B.E.: Uste baino lehen amaituko da guztia, eta ordurako planak egiten hasiak gara dagoeneko.
E.S.: Azken astea onena izango dela iruditzen zait. Konfiantza puntu batera iritsi gara, eta badakigu amaitzera doala. Azken egunean pena handia emango digu.

Zerekin itzuliko zarete etxera?

B.E.: Euskararen alde lan egiteko gogoz, leku guztietan egoera ezberdina dela kontuan izanik. Jendearekin ere bai: ikuspuntuak, ideologia… Bakoitza puntu batetik etorrita, guztiak ulertzen saiatu gara. Niri hori geratuko zait. Hausnarketa pertsonalerako ere ederra izan da espedizioa.

E.S.: Egunerokotasuneko erosotasunetik irtetea polita izan da. Udako festak galdu ditugu, kilometro asko egin ditugu oinez egunero… Baina inork ez digu kenduko esperientzia hau. Euskal Herrian lan asko egiten ari den jende bikaina dagoela ohartu naiz. Ez hitzaldiak ematen aritu direnak soilik, proiektuan parte hartu dutenak ere bai. Pertsona bakoitzarengandik gauza ezberdinak jaso ditut.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend