Azkoitiko bost gaztek hartuko dute Peña Elorza txirrindulari elkartearen ardura

Duela gutxi hil zen Antton Oñederra, Peña Elorza txirrindulari elkartearen arduraduna. Orduan, Jokin Sudupek, Ander Garatek, Josu Garatek, Xabier Uzinek eta Mikel Izagirrek hartu zuten taldearen ardura, eta datorren denboraldian ere beraiek jarraituko dute gaztetxoak entrenatzen.
Peña Elorza

Peña Elorza txirrindulari elkarteko kideak. (Peña Elorza)

Joan den apirilean hil zen Antton Oñederra Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari elkartearen arduraduna. Ordura arte, hura arduratzen zen Azkoitiko txirrindulariak entrenatzeaz, eta hura hil zenean, Peña Elorza elkarteak lehen bezala jarrai zezan, Azkoitiko bost lagunek hartu zuten haren lekukoa: Jokin Sudupek, Ander Garatek, Josu Garatek, Xabier Uzinek eta Mikel Izagirrek, hain zuzen ere.

Entrenatzaile faltan, bat-batean hartu zuten bost gazteek elkartearen ardura, baina ez zekiten datorren denboraldira begira zer gertatuko zen. Dena dela, duela gutxi jakinarazi dute aurrerantzean ere beraiek jarraituko dutela gaztetxoak entrenatzen. “Peña Elorza taldeak aurrera jarraituko du. Bost lagunok arduratuko gara haurrak entrenatzeaz eta lasterketetara joateaz. Bakoitzak bere ardurak ditugu, baina txandakatuz, moldatuko gara”, azaldu du Sudupek. Haren arabera, Azpeitiko Lagun Onak txirrindulari elkartea prest agertu da behar denean laguntzeko.

Aurtengo denboraldian, bederatzi alebinek eta zazpi infantilek osatu dute Peña Elorza elkartea. Oraindik ez dakite datorren sasoian zenbat haur izango diren, martxoan hasiko baita denboraldia. Ohi bezala, astean entrenamendu bat egiten jarraituko dute.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend