Ainara Sarasketa: “Sariak lagunduko digu oraindik eta ilusio gehiagorekin aurrera egiten”

Ainara Sarasketak (Azkoitia, 1980) eta Arantxa Vicedok (Donostia, 1976) Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jasoko dute irailaren 1ean. Batukada Feministaren sortzaileak dira Sarasketa eta Vicedo, eta "sorpresas eta pozez" jaso dute aitortza.
Ainara Sarasketa batukada saio batean. (Ainara Sarasketa)

Ainara Sarasketa batukada saio batean. (Ainara Sarasketa)

Orain zazpi urte sortu zenuten Batukada Feminista. Nolatan?

Ideia garai hartan Arrasateko berdintasun teknikari lanetan zegoen Amets Beltranek eman zidan. Batukada feminista ikastaro bat emateko norbaiten bila zebiltzala esanez deitu zidan, eta ideia asko gustatu zitzaidanez, Arantxari proposatu nion proiektu bat diseinatzea eta aurkeztea. Ilusio handiz sortu genuen egitasmoa, eta Arrasaten eman genuen lehen ikastaroa. Ordutik aurrera, ikasten eta proiektua handitzen joan gara.

Zer nolako erantzuna izan du egitasmoak?

Ikaragarria. Espero baino erantzun eta harrera hobea izan genuen. Pixkanaka, beste herri batzuetatik deitzen hasi zitzaizkigun -Eibar, Azpeitia…-, eta urtez urte, ikastaroa egin nahi duten herritarren kopurua handitzen joan da. Aurten, adibidez, hamabi herritan ari gara batukada feminista ikastaroa eskaintzen, eta formatu ezberdinetako ikastaro txikiak ere egin ditugu, hala nola haur eta nerabeekin, Martutene kartzelako emakumeekin eta martxan dauden batukada feminista taldeekin. Egiten duguna ez da batukada soila; izan ere, saioen hasieran askotariko dinamikak egiten ditugu feminismoa lantzeko, emozioak adierazteko, talde lana bultzatzeko, ahalduntzeko… Batukada jabekuntzaren bidean erabiltzen dugun tresna bat da. Erritmoak ikasten ditugu, bai, baina eztabaidak egiten ditugu, jolastu egiten dugu eta gorputz perkusioa eta beste hainbat kontu ere lantzen ditugu.

Hainbat herritan eman izan dituzue tailerrak, eta Euskal Herriko hainbat batukada saretu dituzue. Zer balorazio egiten duzue?

Oso ona. Sortu dugun sarearen indarra izugarria da, ieta horrek aukera ematen digu kaleetan elkarrekin jotzeko. Sarean funtzionatzen dugunez, herri ezberdinetako ikasleek elkar ezagutzen dute irteeretan, eta hori oso aberasgarria da. Hainbat herritako ikasleek elkar ezagutzen dute irteeretan, eta hori oso aberasgarria da. Taldeetan adin eta izaera ezberdinetako emakumeak biltzen dira; beste modu batean ezagutuko ez liratekeen emakumeak harremantzen dira, eta horiek elkar laguntzen ikustea ederra da. Gure helburua da taldeak ahalik eta anitzenak izatea, eta hori lortzeko lanean gabiltza. Prozesu hau oso terapeutikoa dela esan daiteke, guk horrela bizi dugulako eta ikasleek ere horrela adierazten digutelako. Ahalduntze prozesu handia da kalera batukada jotzera ateratzea, eta lanketa politikoa ere bai, batukadarekin kalean emakumeon ikusgarritasuna bultzatzen dugulako.

Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jasoko duzue. Nola hartu duzue albistea?

Sorpresaz eta pozez jaso dugu, baita urduritasun eta ardura puntu batekin ere. Egia esan, sari hau sarea osatzen dugun emakume guztiontzat da, elkarrekin osatzen eta elikatzen baitugu egunero batukada feminista. Momentu indartsuan eta interesgarrian iritsi zaigu aitortza; izan ere, urtetik urtera gehiago gara. Zazpi urte hauetan ia 500 emakumek parte hartu dute batukada feminista ikastaroetan, eta hori izugarria da. Beraz, batukada feminista Euskal Herrian indartsu eta osasuntsu dagoela esan dezakegu, eta sari honek lagunduko digu oraindik eta ilusio gehiagorekin aurrera egiten.

Jaizkibel konpainiak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten pertsonei eta erakundeei aitortza egiteko sortu zuen saria orain hiru urte. Aurtengoan zuek hautatu zaituztete.

Aitortza handia da, Jaizkibelek urte luzez zailtasunei aurre egin dielako. Konpainia lan handia egiten ari da herritar guztiok jaiak modu parekidean bizitzeko eta gozatzeko dugun eskubidearen alde. Umiltasunez eta arduraz jasoko dugu saria, guk ere emakumeon eskubideen aldeko borroka luze honetan gure aletxoa jartzen jarraitu nahi dugulako; izan ere, feminismoa da elkarbizitza duin eta errespetuzkoa lortzeko bide bakarra.

Jaizkibelek hala zioen saria jasoko duzuela iragartzeko kaleratutako oharrean: “Orain gutxira arte gizonen eremua izan dena emakumeentzat zabaldu dutelako jasoko dute saria”. Asko kostatu al zaizue emakumeoi plaza hartzea?

Zailtasun asko izan ditugu eta izaten jarraitzen dugu oraindik, batez ere, zenbait espaziotan. Txikitatik bultzatu eta landu behar den kontu bat da. Zergatik da bestela oraindik ere arraroa eta politikoa emakumez osatutako batukada bat ikustea? Bidea egiten ari gara, eta jada ez dago atzera bueltarik; kaleak, oholtzak, agertokiak eta leku publikoak ere gureak dira. Zailtasun gehien gidaritzan aurkitzen dugu orain. Izan ere, emakumeok epaituak gara une oro, eta epaiketa hori horrenbeste barneratu dugunez, ez gara ausartzen jendaurrean ezer egitera, “guztiz” ondo egingo dugun ziurtasunik ez badugu. Erronka handia dugu horrekin, bai barne mailan, bai jendarte mailan.

Hondarribian jasoko duzue saria, Jaizkibelen eskutik. Zer da Jaizkibel zuretzat?

Irungo edota Hondarrabiko lagunekin hitz egitean, honako hau esan izan didate: “Jaizkibel konpainia emakumeoi teorian onartzen baina praktikan ukatzen zaizkigun eskubideak aldarrikatzeko modu bat da”. Gainera, Jaizkibelek ilusioa zabaltzen du, pausoz pauso gelditu gabe ari delako lanean. Gero eta jende gehiagorengana iristen ari da konpainia, helburu justuak eta parekideak baititu.

Oraindik ere Hondarribiako alardeak eztabaida ikaragarria sortzen du. Urteetako afera ez da konpondu.

Tristea da oraindik ere jarrera horiek ikustea, gainera jende gaztearen eskutik. Afera horretan gauza asko nahaspilatu dira, eta ez da ulertzen erraza. Kontua da inor baztertu gabe jaiak gozatzen eta partekatzen ikasi behar dugula, bizitzako beste eremuetan bezalaxe. Bazterketak direnean beti izango da feminismoa horiei aurre egiten.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend