Iñaki Segurola ‘PUNTUKA’: ‘Turismofobia da’

Aurreneko aldiz katalanez ikusi nuen: “no és turismofòbia, és lluita de classes”. Gaurko hau da adierazteko nerea eta beste askorena turismofobia garbi-garbia dela.

Nere esku balego, eta fatxa-mailan jarrita, turismoa debekatuta geldituko litzateke mundu guztian eta mundu guztiarentzat. Zer debekatuko genuke? Ba beste inolako beharrik edo justifikaziorik gabe (ez da erraza izango erabakitzea zer den zer, badakit), urrutiko tokiak ikustera edo ezagutzera joatea (eta urruti egongo litzateke, nere balizko diktaduran, hegazkinik hartu gabe herrira lotara ezin itzul gintezkeen edozein toki). Erabaki gogorra da, baina gauzak oso gaiztotuta daude eta gelditu beharra dago 40 bat urtez luzatu den moda tonto hau.

Asuntoaren funtsa hauxe da: gizaki garatuari ematen diote jai, ematen dizkiote jaiak, eta harekin jai dago; ez dago gauza onik eta ez du aldegin arteko onik. Kentzen dizkiote lanak eta eginkizunak, eta ez daki zer egin bere buruarekin, biziarekin eta tokiarekin. Eta nola bere buruaz beste egitea gogortxoa den, bere munduaz eta bere tokiaz beste egiten du.

Izan ere, zer egiten du gizaki heldu-garatuak bizian, eginkizunak kendu ezkero? Eta ez dago erantzunik. Aspermena eta eromena egon daitezke, baina horiek ez dira parte onekoak. Edo jan-edana dago, edo kirola dago, edo pantallak daude (“munduko toki guztiak” ikus daitezkeen etxe-barruko pantallak!), baina ezer ez da aski, eta… atera beharra dago, nonbait “galduta bezala” sentitu beharra daukagu geure lekuan “aurkituegiak” gaudenok. Geure lekuari eta biziari buruzko “ideia” bat eginda bizi gara: ideia puta bat eginda; eta ideia putarik gabe bizitzeko, desagertu beste biderik ez dugu ikusten. Aldegiteari “lekuak hustu” esaten diote beste euskara batzuetan, eta horixe egiten du turismoak: leku batzuk gehitxo hustu eta beste leku batzuk gehitxo bete.

Gizaki heldu-garatuak jolaserako abildadea eta gustua galduak ditu (eta solaserako ere hortxe nonbait), eta turismo tontoan erori da, eta turismo tontoa diot, zeren turistak, dabilen tokian, tontoarena egiten baitu, tontoarena egiten baitugu, eta, zehazkiago esanda, tonto axkarrarena, uste baitugu bazter-ikusle edo ikusmirante izateak lekuarekin “konektatzea” dakarrela; eta ez: geure tokiarekin deskonektatzeak (eta zorioneko deskonektatze hori da gaur turismoaren habeetako bat) ez du esan nahi beste toki batekin konektatzen ari garenik, eta beharbada adierazten duena da gure erabateko konektatu ezina eta, bereziki eta superbereziki, geure biziarekin eta tokiarekin konektatu ezina.

Baikor jarrita, honek badu soluzioa: geure tokiarekin atzera konektatzeko, heldu-garatuok bihurtu beharra daukagu heldugabeen eta garatu gabekoen pareko; umeen eta primitibo izenekoen pareko, alegia. Primitiboek erraz egiten dute jolas; erraz ukitzen dute elkar (zorriak kentzeko aitzakian, adibidez), eta erraz egiten dute dantzan, kantuan, txortan eta abarretan; eta badakite beren gorputzak goi-ta-behe koloreztatzen eta… zertan ez? Umeak ere jolaserako daude, eta gu ezin jarriko gara haien pare egun batetik bestera, baina aurreneko pausoa izan liteke uztaileko udaleku irekietako ume-jardun erdiprogramatuen tankerako gauzekin saiatzea helduok ere: altxor-bilatze, ur-festa, horma-margotze, eta hola. Eta umetzeak eta primitibotzeak esan nahi dute, besteak beste, diruak bere balio guztia galtzea, eta, neregatik balitz, oporretan diruak ere jai hartu beharko luke, eta dirurik erabili ezinik emango genuke opor-denbora, eta… ea zer gertatzen den, ezta? Ez al da tentagarria? Ez dakit: zeoze asmatu beharra dago gure biziarekin eta tokiarekin berriro konektatu eta munduan zehar gure nazkamena eta ezina erakusteari uzteko.

Ni sinistuta nago azken hamarkada hauetako moda tonto hau pasako dela; bukatuko dela “nonbaitera joan beharra”, eta gehiago ere esango dut: orain urtero Santaporkuloraino joanez dabiltzanak damutu egingo dira beren “bidaia zoragarriekin” eta lotsaz eta gezurrez ezkutatu egingo dituzte gerora. Horixe da nere iragarpena. Eta berriro baikor jarrita: bukatuko da egunen batean toki “ikusgarrien” gaineko industria jasangaitz hau, eta etorriko da toki “bizigarrien” aldeko indar iraunkor bat.

Klase-borroka ta ostiye! Turismofobia da.

3 iruzkin albistean

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Iñaki Segurola
    1 iraila 2018 at 9:26 - Reply

    Tontuo ezaiz, ezindekelako

  • Gotzon
    4 iraila 2018 at 8:54 - Reply

    Beti bezela, Segurolak bete betean jo du dianaren erdian. Badago gizon honen beharra.

  • Pako Iriarte
    15 iraila 2018 at 12:26 - Reply

    Sinismen eta ustez beterik izan ohi dugu gogoa.
    Sinesmen eta uste hauen menpe izan ohi gara.
    Eta Biziaren aurkako usteak baldin ba ditugu,
    ezin bizia geurekin izango dugu.

    Hau esanda.
    Egi bat honako hau. “Geure lekuari eta biziari buruzko “ideia” bat eginda bizi gara”.
    Baliteke, denari buruzko iritzian eta irudikapenean bizi izatea.

    Zenbat uste dago idatzitakoan?
    Turismoa, bestei begira egotea ote da? Zenbat metrotara hasten ote da turismoa izaten?
    Turismoa uste ustel bat ote da?
    Usteak ustetan eta asmo onez.

  • Send this to friend