Idoia Leonet: “Sariekin, gehiago animatzen da jendea zure gazta probatzera”

1997an bezala, Gipuzkoako Ardi Gazta Txapelketa irabazi du, Patxi Otaegi senarrarekin batera, Beizama Gaztarekin. Ordizian, berriz, finalista sailkatu ziren atzo.
Patxi Otaegi eta Idoia Leonet, atzo, Ordizian. (Idoia Leonet)

Patxi Otaegi eta Idoia Leonet, atzo, Ordizian. (Idoia Leonet)

Zer suposatu du zuentzat Gipuzkoako Ardi Gazta Txapelketa irabazteak?

1997an ere irabazi genuen, eta denera, sari dezente jaso izan ditugu txapelketa horretan. Lan gogorra da gurea eta lan horren ondorioz halako sariak jasotzea beti izaten da pozgarria. Azaroan hasiko dira berriro arkumeak jaiotzen, eta abendu aldean, berriz, gaztak egiten hasiko gara; eta sasoi berriari gogoarekin eusteko eta aurrera segitzeko ere laguntzen du sariak. Bestetik, gure bezeroak eskertzeko ere balio du; gazta guk egiten dugu, baina hura erosten duten bezeroak baditugulako. Uste dut saria denen artean banatu behar dela.

Nolakoa zen Legazpin lehen saria jaso zuen gazta?

Ketu gabekoa zen, martxoaren 3an egindakoa; sei hilabeteko gazta, beraz.

Noiz hasi zineten gazta txapelketetara aurkezten?

1989an aurkeztu ginen lehen aldiz lehiaketa batera. Harrezkero, 60 saritik gora jaso ditugu batean eta bestean: Euskal Herrian, Espainian, munduko txapelketetan, Austrian egiten diren olinpiadetan…

Lehiaketen egutegi finkoren bat jarraitzen al duzue?

Normalean, urtean hiru edo lau lehiaketatara aurkezten gara. Aurten, Azpeitikoan izan ginen uztailean, gero Legazpikoan egon gara, eta atzo, Ordiziakoan.

Sarien oihartzuna antzematen al duzue gaztaren salmentetan eta zabalkundean?

Bai, antzematen da. Bezero berriak egiten dituzu, irabazi duzun sari horri esker ezagutu zaituztenak. Sariekin, gehiago animatzen da jendea zure gazta probatzera, eta gustatzen bazaie, bezero bihur daitezke.

Non eta nola saltzen dituzue gaztak?

Etxean bertan saltzen ditugu, eta Gipuzkoako hainbat gutizia dendatan eta harategitan ere bai: Azpeitian, Azkoitian, Tolosan, Donostian, Irunen… Sorta batzuk kanpoan saltzen ditugu, eta  norbanako bezeroak ere baditugu Euskal Herritik kanpo, Katalunian eta Madrilen, gehien bat. Oporretan hemen egondakoak dira asko, gazta nola egiten dugun eta gure ardiak bertatik bertara ikusi dituztenak, eta haientzat beste balio bat hartzen du produktuak.

Azoketan ez al duzue saltzen?

Azpeitiko azokara asteartero joaten gara, baina beste inora ez, gaur egun.

Lehiaketetara itzulita, beti antzeko gazta klasea aurkezten al duzue?

Bai, gurean gehien egiten dugun eta bezeroei gehien saltzen diegun moduko gazta erabiltzen dugu. Ketu gabeak izaten dira, bospasei hilabeteren bueltakoak, dagoeneko zaporea etorrita eta testura oraindik lehortu gabea dutenak. Baina inongo misteriorik gabe eta ezer berezirik egin gabe; kameran dauzkazun gaztak begiratu, pare bat begiz jo, horietako bat hartu eta kito.

Sariketetan ondo funtzionatzen duten gazta motak al dira erosleen aldetik ere harrera onena izaten dutenak?

Baietz esango nuke. Adibidez, Gipuzkoako txapelketa irabazi duen gaztaren sorta laster jarriko dut saltzen. Azpeitiko azokara eramango dut, eta ohiko saltokietara, eta etxera etortzen denari ere salduko diot, normal. Betiko bezeroei gustatzen zaie hori, eta ez kanpotik bakarren bat espresuki etorri zaizula eskean eta sorta osoa hari saltzea. Ez, hori nire bezeroentzat gelditzen da, urte osoan hortxe daudenentzat; haiek saritzeko era bat da, azkenean.

Zein da gazta on baten sekretua?

Esnea, esne ona eta garbia. Eta gazta egiterakoan prozesua kontrolatua izatea. Baina lehengai oso ona behar duzu. Azken hogei urteotan asko hobetu da kalitateari dagokionez, ez dago horrenbesteko alderik, gazta denak dira oso onak

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend