Maitane Subijana ‘Puntuka’: ‘Baserriak gainbeheran’

Kolokan daude gure merkataritza txikiak: Anaren oinetako denda, Maritxuren mertzeria, Mirenen janari denda, baita Migelito zapata konpontzailea ere. Zerrenda, ordea, amaigabea da. Ez dira garai samurrak merkatari txikientzat, globalizazioak eta salmenta handien aldeko apustuak golpez kaltetu ditu komertzio txikiak. Odola darie baserriei, lur sainduak hetsi eta isildu dira. Basoan haizea nola zuhaitzen artean ezagutza ere badoa. Baserritar askok beraien ekoizpenak itxi behar izan dituzte, baita nekazal ustiapenak ere. Kontsumitzeko ohitura berriak ekarri dituzte saltoki erraldoi horiek, jakina, merkataritza txikiak kaltetuz. Baina, horra, Eusko Label zigilu ofiziala gure kontzientzia baretzeko tresneria. Hidroponikoan egindako tomateak eta gaizki ordaindutako nekazariak. Erostea ez da zigilu baten kontua, erostea ez da bi tomateren kontua.

Eta ez dabiltza urrun Idiazabal eta Getariako Txakolina, besteak beste.

Gaur egun gure hipermerkatuetan %60a baino gehiago bost marken esku dago, joko arauak ezarri dituzte, nahi duguna erosten dugula sinestarazten digute… Ai, erosle pasibook!

Hurbileko kontaktua gutxietsi, eta anonimotasuna nahiz urruneko produktuak indartu dira. Orain, kanpokoa da ona; orain, kanpokoa dugu gurea. Hemen da ahuakatea, hemen quinoa, guztion ahoan.

Inbertsio ekonomiko handienek aukera non ikusiko barreneraino sartzen dute euren boterea, betiere besteak kaltetuz.

Orain, odola dario Latinoamerikari.

Desjabetzeak, lurren esplotazioak, beraienak izan diren jakien prezio gorakadak, herri indigenen pobretzea…

Eta guk ez dugu gogoan edo ez dugu ohartu nahi nondik datorren etxeko mahaian dugun janaria, gure egin ditugunak betikoak balira bezala, lapurtu egin ditugun arren.

Euskal Herrian egiten diren inportazioen datuak ikusita, ikaragarria da bertan ekoizten diren edota ekoizteko gai garen arren zenbat eta zenbat elikagai ekartzen diren kanpotik. Oso gutxi dira bertako produktuen baloreak aintzat hartzen dituztenak.

Lanketa handi baten beharrean gaude, egoera birplanteatu, bertakoa indartu eta eskala txikiko ekonomia bultzatu.

Botere osoa duten enpresa transnazionalen atzean kultura aldatzeko berariazko alegin bat dago, aldaketa horren helburua betikoak aberastea delarik. Erosten jarraitzea, erosteko desioa izatea, esklaboen ondorengo bilakatuz. Baina aske garela sinetsi nahi dugu… herriko jaietan azokan erosten dugu, distortsio txikiak eginez geure aurpegiari so egiten diogu, eta zu zeu ere azkenean amarauna honetan erori zara. Badakizue, ispilu onak ez omen dira merke saltzen…

Eta bide honetan pixkanaka-pixkanaka ahaztu ditugu baserritarrak, gutxietsi ere egin dira behin baino gehiagotan, tontotzat jo. Orain gainbehera honen kexu gara, baina baserriari ez zaio
eman eman beharreko eskertza, ez ditugu oroitu, eta pinu gorrien ertzean zintzilik daude. Izan ere, sustraiak zaindu egin behar izaten dira ondoren fruiturik izango bada, eta baserritarrak ez
dira zaindu, baserritarrak ez ditugu zaindu.

Euskal Herriak izaera handi bat galduko luke baserririk gabe.

Eta orain nondik hasi? Zuhaitzak moztetik ala zuhaitz berriak landatzetik? Desagertu da garai batekoa, baina ba ote du beste biderik, bestelako eredurik?

Itxaropena behar izaten da askotan, baina itxaropena, ordea, kontrairaultzailea da askotan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend