Irati Osa piraguista zumaiarra bosgarren izan da Munduko maratoi txapelketan

Pozik egoteko arrazoiak ditu Irati Osa piraguista zumaiarrak. Munduko maratoi txapelketa jokatu zuen atzo Portugalen, K-1ean, 23 urtez azpikoen txapelketan. Txapelketara joan aurretik egindako elkarrizketan lehen hamarren artean sailkatzearekin pozik izango zela adierazi zuen Osak. Egun handian bosgarren izan da Itxas-Gain klubeko kirolaria.
irati osa

Argazkia: Esti Irureta.

22,6 kilometroko estropada egin zuten maila honetako piraguistek, atzo eguerdian. “Hasiera gogorra izango zela banekien. Irteera ahalik eta azkarrena egiteko asmoa nuen lehen taldearekin joateko”, adierazi zuen Osak proba amaituta. “Normalean urduri jartzen naiz, baina gaur ez da hala izan. Lehen paladetarako ikusi dut ondo nindoala. Lehen taldearekin joan naiz. Hasieran bederatzi bat lagun ginen, baina kolpeak ematen joan dira jendea atzean uzteko. Ni ondo nindoan, eta eutsi dut. Bigarren itzulian ere aurrean nindoan, eta sentsazio onak nituen”.

Hungariako piraguistek aurrea hartu zuten eta zumaiarra eta beste piraguistak bigarren talde batean geratu ziren. “Karrera erditik aurrera laugarren eta bosgarren postuen artean joan naiz. Aurkariak erritmoa altxa du. Nik ez nuen indar askoz gehiago eta bosgarren postuan geratu naiz”.

Bosgarren egin zuen Osak helmuga puntuan, bi hungariarren, bretainiarraren eta norvegiarraren atzetik. Epaileek, lehenbizi, seigarren izan zela adierazi zuten, baina Osak lehenbizi eta Espainiako hautatzaileak jarraian kexa aurkeztu zuten. Baita helegitea aurkeztu ere jarraian. Azkenean bosgarren postua eman zioten Iratiri.

irati

Argazkia: Esti Irureta.

Pozik dago zumaiarra egindako lanarekin. “Emaitzarekin oso gustura nago. Ez nuen espero hain aurrean egotea. Aurretik lortu nuen emaitza hau mundialean, baina jubeniletan izan zen, eta K-2an. Orain banakakoan lortu dut. Egia esan, ez nekien nola ibiliko nintzen, maila altua egongo zelako. Europako txapelketan seigarren egin nuen ez oso karrera onean, eta orain bosgarren egin dut. Oso pozik nago eta aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkit”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend