Unai Izagirre: “Jendeak euskaldun izateko sekulako ahalegina egiten du”

Necocheako (Argentina) Euskal Etxearen Hator Hona programan parte hartu du Unai Izagirrek (Azkoitia, 1995). Euskal kulturari lotutako hainbat saio eskaini du; esperientzia "aberatsa" izan da.
Unai_Izagirre_Necochean_iz

Unai Izagirre, erdian. (Unai Izagirre)

Hator Hona truke programan parte hartu duzu udan. Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia berezia eta aberasgarria izan da. Argentinako euskal diasporaren zati bat barne-barnetik ezagutzeko aukera izan dut, eta haren parte izan naiz aste batzuetan. Oso ederra izan da.

Noiz joan zinen eta noiz arte egon zinen han?

Hator Hona programa uztailaren 13an hasi eta abuztuaren 3an bukatu genuen. Guk, ordea, Argentinako egonaldia abuztu amaierara arte luzatu genuen; herrialdean pixka bat bidaiatzeko aprobetxatu genituen egun horiek.

Zenbat lagun joan zarete Argentinara truke programaren aurtengo edizioan?

Hiru lagun: Lierni Kamio villabonarra, Garaitz Velez lazkaotarra eta ni. Urtero desberdina izaten da programan parte hartzen duten pertsonen kopurua; izan ere, hango harrera etxeen kopuruaren araberakoa izaten da.

Hango familia batean egon zarete, beraz.

Bai, hiru lagunok etxe banatan egin dugu egonaldia. Familia horiek ohituta daude urtero Euskal Herritik hara joandako herritarrak etxean hartzera, eta egia esan, seme bat gehiago banintz bezala sentiarazi naute. Hain denbora gutxian oso harreman berezia egin dut harrera familiarekin. Egunerokoan goizak familiarekin pasatzen genituen, eta bazkalostean joaten ginen Euskal Etxera saioak ematera. Saioak bukatzean, Euskal Etxearen barruko elkarte moduko batean afaltzen genuen truke programako parte hartzaile guztiok egunero.

Zer egiteko aukera izan duzue hango Euskal Etxean?

Hator Hona egitasmoaren helburu nagusia da Necocheako euskal komunitatearen eta Euskal Herriaren arteko konexioa mantentzea eta indartzea. Horretarako, urtero, Euskal Herritik gazte batzuk joaten dira hara euskal kulturaren inguruko saioak eskaintzera.

Zuk trikitia irakatsi diezu hango kideei, ezta?

Trikiti, pandero, esku pilota eta bertsolaritza saioak eskaini ditut nik. Liernik eta Garaitzek, berriz, dantza, euskara eta gastronomia saioak. Saio horien xede nagusia da jendeak horiekin gozatzea, eta pertsona horiei euskal kulturaren zati diren arlo horiekiko interesa piztea. Egia esan, oso bitxiak ziren saioak: adin guztietako pertsonek parte hartzen zuten, eta horiek jartzen zuten interesa eta gogoa benetan miresgarriak iruditzen zaizkit.

Euskaldun askorekin egin al duzu topo han?

Uste nuena baino handiagoa da Argentinako euskaldunen kopurua. Ez hori bakarrik, Argentinako edozein hiritako kaleen izenei erreparatuz gero, nonahi ikus daitezke Alberdi, Zabala, Irigoien… eta horrelako izendun kaleak. Asko eta asko izan dira hara joandako euskaldunak, baita han arrakasta izan dutenak ere.

Necocheara iristean, zerekin egin zenuen topo?

Iritsi ginenean, harrera oso beroa egin ziguten; agurra eta guzti dantzatu ziguten. Jende pila bat zegoen Euskal Etxean gure zain, eta afari eder bat egin genuen guztiok batera. Asko harritu ninduen han zegoen jende pilak eta horien jarrera atsegin eta gertukoak, baita Euskal Etxearen dimentsioek eta instalazioek ere. Hego Ameriketako euskal etxe handienetako bat da Necocheakoa, eta barruan dituen pilotalekuak, dantza gelak, elkarteak… txundituta utzi ninduten. Argentina orokorrean hartuz gero, berriz, hango biztanleek nahikoa lan badute bertako txanponaren balio beherakadarekin.

Nola izan zenuen Hator Hona programaren berri?

Lagun batek duela bi urte programan parte hartzeko aukera izan zuen. Hark kontatutakoak parte hartzeko irrika sortu zidan, eta horregatik eman nuen izena proiektuan. Nire etxean sarritan hitz egin izan da diasporaz; izan ere, orain dela urte ugari, amonaren lehengusu batzuk Argentinara joan ziren bizitza hobe baten bila. Etxean kontu horiek entzun izanak are bereziago bilakatu dute truke programan parte hartzeko aukera.

Berriz ere joango al zinateke?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Oso esperientzia polita izan da, eta errepikatuko nuke.

Hango egonalditik zer azpimarratuko zenuke?

Argentinan jendeak Euskal Herriarekiko duen jakin-mina eta interesa aipatzekoa da. Euskal migratzaileen ondorengo askorekin egoteko aukera izan dut, eta horietako askok, bere garaian joan ziren haien ondorengo laugarren belaunaldiko kideak baziren ere, euskaraz hitz egiten zuten. Euskal diasporaren garapenean euskarak eta euskal kontzientziak izan duen transmisioa miretsi egin behar genuke hemengo askok, eta zergatik ez, eredu bezala erabili ere. Jendeak euskaldun izateko sekulako ahalegina egiten du, eta ahalegin horrek duen merituaz ohartu behar genuke.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend