Irudietan: ‘Atano X.a gorputzez txikia, erraldoia kantxan’ liburuaren aurkezpena Azkoitian

Luziano Juaristi Alberdi 'Atano X.a'ri buruzko biografia liburua aurkeztu dute gaur eguerdian

Luziano Juaristi Alberdi ‘Atano X.a’-ren (Azkoitia, 1932) Atano X. gorputzez txikia, erraldoia kantxan biografia liburua aurkeztu dute gaur eguerdian Azkoitiko udaletxeko bilkura aretoan. Joxe Miguel Saizar eta Joseba Urretabizkaia tolosarrek egin dute azkoitiar pilotariari buruzko lana. Liburua egiteko lanean “pertsona bera” ezagutu dutela adierazi dute egileek, eta “erraztasunak” besterik ez dizkiela eskaini. Horregatik, oso eskertuta azaldu dira azkoitiar pilotariarekin.

Javier Zubizarreta alkateak eta Azkoitiko Udaleko hainbat zinegotzik eta herritarrek udaletxeko atarian, Kontzejupean, egin diote harrera Luziano Juaristiri eta bere emazte Inaxita Puertasi. Udaletxeko eskailerak Azkoitiko txistularien doinuekin lagunduta igo dituzte. Segidan, liburuaren aurkezpen ekitaldia jendez betetako udaletxeko bilkura aretoan egin da. Ekitaldian, hiztun, umoretsu eta hunkituta azaldu da Atano X.a pilotaria. Aurkezpen ekitaldira joandako guztiak eskertu ditu Luziano Juaristik, eta falta diren Azkoitiko pilotari guztiengatik txalo bat eskatu du. Segidan, “Azkoitia pilotarien sehaska” aurrenekoz entzun zuen eguna ekarri du gogora, “aldi hartan sentitu zuen ikara, sekula ez dut ahaztuko”. Hala jarraitu du: “Pilota ez da kopa bat ekarri duenarena edo txapel bat jantzi duenarena, pilota da Azkoitiko herriarena. Guk daukagun titulu hau beste inork ez dauka: Azkoitia pilotarien sehaska”.

Atano X.ari buruzko bost minutuko ikus-entzunezko baten emanaldiarekin hasi dute liburuaren aurkezpen ekitaldia. Bertan, pilotari azkoitiarraren lorpenak ekarri dituzte gogora: Luziano Juaristi Atano X.a bitan izan zen esku pilotan buruz buruko txapelduna: 1966an (Eibarren) eta 1968an (Donostian). Beste hiru urtetan ere iritsi zen buruz buruko finala jokatzera. Ikus-entzunezkoan Atano X.ak aitortu duenez, “irabazitakoak baino gehiago gogoratzen ditut galdutakoak. Hori diot ziurtasun osoarekin”.

“Pilota pilotariak egiten du handia”

Ikus-entzunezkoaren ondoren, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak hartu du hitza. “Atano X.arengatik bildu gara hemen, baita bere frontoietako lorpenengatik ere”. Luziano Juaristiren gizatasuna, kirolarekiko pasioa eta azkoitiar sena azpimarratu ditu alkateak: “Kalean eta kantxan, pilotariak, afizioa, lagunak eta familia batzen jakin izan ditu Luzianok. Apal, hitzik eta agurrik inori ukatu ez dizkio ukatu. Barre erraz eta hitz solteko gizona da. Omenaldiak bere nerbio eta lotsa puntu batekin hartzen ditu, baina plaza gizona ere bada. Badaki eta egon behar duen tokian, egon behar den bezala egoten”. Kirola gauza handia dela esan du Zubizarretak, eta zer esanik pilota, baina pilota pilotariak egiten duela handia azpimarratu du: “Azkoitia pilotarien sehaska dela esaten da. Horretan, atanotarran dinastiari begiratu besterik ez dago, Atano I.etik Juan Maritik hasi, eta hemen jaio diren Luziano, Mariano, Marcelino, Valentin, Eugenio, Joxe Mari, Pedro, Luis eta gaur protagonista dugun Luziano X.a ditugu tartean”. Gaur aurkeztutako liburuak, Luziano Juaristiz “gauza berriak deskubritzeko balioko” duela nabarmendu du. Bukatzeko, azkoitiar guztien izenean “pilota eta Azkoitia lotzeagatik, eta den bezalako herritarra izateagatik”, alkateak eskerrak eman dizkio Luziano Juaristiri.

“Libururako dena erraztasunak”

Joxe Miguel Saizar eta Joseba Urretabizkaiak egin dute liburua, eta haiek ere hartu dute hitza gaurko Azkoitiko aurkezpenean. Xibarit argitaletxeak Jentilak izeneko bildumaren barruan atera du Atano X.aren biografia liburua. Jentilak bilduma “aspaldiko euskal kirolariak, zaharrak” omentzeko asmoarekin sortu zuen Urretabizkaiak. Atano X.aren biografiaren aurretik hiru aizkolariri buruzkoak argitaratu dituzte: Astibia, Arria eta Mindegia. Orain, azkoitiar pilotariari buruzko lanarekin pilotari mundura salto egin dute.

Atano X.ari buruzko liburua egiteko hainbat informazio iturri erabili dituztela esan du Saizarrek: “Atano X.arekin izandako elkarrizketak, eta berak pasatutako argazkiak eta hemerotekako artikuluak. Hemeroteka zabala utzi zigun, bere garaiko egunkarietan-eta argitaratutakoa. Gero, gure aldetik beste hainbat dokumentazio bilatu dugu. Nik idatzi dut, eta Josebak egin ditu gainontzeko lanak, argazkiak, libururako laguntzaileak bilatu eta abar”.  Egileek eskerrak eman dizkiete Luziano Juaristiri eta haren iloba Juan Mari Juaristiri laguntza eman eta lana errazteagatik, baita liburua argitaratzeko diruz lagundu dutenei ere.

Liburuak pilotaria pertsona bezala ezagurazteko balioko duela nabarmendu du: “Atano X.a punta-puntan ibilitako pilotaria izan zen. Libururako izenburua aurrez aipatutako hemeroteka horretatik atera diot: gorputzez txikia, erraldoia kantxan. Hori berez, erdaraz zegoen artikulu batean idatzita zegoen, baina kazetariaren izena ez zuen jartzen. Atano X.ak jende guztia txundituta uzten zuen bere sakeekin eta joku biziarekin. Liburu hau egiterakoan, berriz, pertsona ezagutu dugu; pertsona ona, alaia, irekia, eskuzabala, atsegina, dotorea da, eta oso erraza izan da berarekin lan egitea. Dena erraztasunak eman dizkigu eta oso gustura aritu gara berarekin lanean”.

Luzianoren bi arrebek Mari Karmen eta Laura Juaristik Xabier Euzkitzek idatzitako bertso batekin oroigarri bat eman diote ekitaldiko protagonistari. Arrebez gainera, pilotari azkoitiarrak ondoan izan ditu gaur senitarteko ugari.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend