«Argi neukan irabaziz gero txapela Igorri eskainiko niola»

Aitor Salegi bertsolari zestoarrak jantzi du aurtengo Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako txapela. Zendu berri den Igor Olabideri eskaini dio garaipena.
Lizardi_taldea_ona

Aitor Salegi agurreko bertsoa abesten. (bertsoa.com)

Ostiralean jokatu zuten Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko finala Zarautzen. Sei bertsolarien artean eskualdeko bakarra zegoen, Aitor Salegi zestoarra, eta berak jantzi zuen txapela. Orain gutxi hil den Igor Olabideri eskaini zion garaipena. «Argi neukan irabaziz gero, txapela Igorri eskainiko niola. Orain 10 urte edo etorri zen Zestoako bertso eskolara kantura, eta harreman estua geneukan, bai bertso eskolan, bai handik kanpora».

Finaleko saioari dagokionez, zapore gazi-gozoa dauka, ez baitu uste saio borobila egin zuenik. «Kanporaketetan gustura aritu nintzen, baina finalean pare bat ariketatan ez nintzen fin ibili. Irabaztea ezustekoa izan zen niretzat». Izan ere, azaldu du bertsolariek ez zutela oso ondo entzuten beste finalistek mikrofono aurrean kantatzen zutena. «Atzetik ez zen batere garbi entzuten besteena, eta nik uste nuen ni baino txukunago ariko zirela».

Hori bai, Gaztelekuko giroa ona izan zela azpimarratu du. «Ez dut uste oso saio borobila egin genuenik, baina publikoa erantzuteko prest zegoen, oso ondo portatu zen». Laupabost aldiz hartu du parte sariketan, eta bigarren izana ere bada. Horregatik, «ilusioa» egin dio aurten irabazteak, adinagatik ezingo baitu berriz parte hartu. Datorren urteko Gipuzkoako Txapelketan lan txukuna egitea jarri dio orain helburu berria bere buruari.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend