Denboraren erabileraren inguruan hausnartzeko hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udalak datozen asteetarako

Irailaren 19an Ladrones del tiempo dokumentala emango dute Soreasu antzokian. Urriaren 2an, Reforma horaria ekimena aurkeztuko du haren sustatzailea den Fabian Mohedanok, Sanagustin kulturgunean emango duen hitzaldian.
Denboraren neurketaren egitasmoaz arduratzen den talde eragileko kideak. (Azpeitiko Udala)

Denboraren neurketaren egitasmoaz arduratzen den talde eragileko kideak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udala herritarren denboraren erabileraren azterketa egiten ari da joan zen ekainetik. Udako oporren ostean, hainbat ekintza antolatu ditu udalak, egitasmoa herritarren artean ezagutarazteko, azpeitiarrek denboraren erabileraz hausnartzeko eta gaiaren inguruko kontzientzia hartzeko. Film emanaldi bat, solasaldi bat eta neurketak utzitako aurreneko datuen gaineko hausnarketa sa¡oa izango dira datozen asteetan.

Udalak azaldu duenez, “denboraren erabilerari erreparatuta, herritarren arteko desberdinasunetan jarri nahi da arreta, denbora zertan erabiltzen den aztertuta ikus bai daiteke gizartearen antolaketa eredua, eta horrek dimentsio ekonomikoan duen eragina”. Leire Etxaniz zinegotziaren hitzetan, azken urteotan, eremu pribatuan eta batez ere zaintzan, emakumeek egiten duten lana aztertzeko, aitortzeko eta bistaratzeko nahia edo helburua izan du udalak: “Hasierako asmoa zaintza lanen inguruko azterketa egitea bazen ere, ez dugu modu egokirik bilatu hori egiteko. Aukerak aztertzen ari ginela, ordea, denboraren erabilera aztertzeko egitasmoa ezagutu genuen, eta horrek guk bistarazi nahi dugun errealitatea isla dezakeela ondorioztatu genuen. Orduan ekin genion azterketa egiteari. Izan ere, denbora adierazle egokia dela uste dugu”. Dena den, egitasmoaren helburua “emakumeen ezkutuko lana ikusaraztea” dela azpimarratu du Etxanizek: “Gaur egun inork ez du denborarik ezertarako, nahiz eta lan oso ezberdinak izan edota ardura desberdinak izan eremu pribatuan zein publikoan. Zertan pasatzen dugu denbora? Zein ezberdintasun daude generoaren arabera? Denboraren erabileraren inguruan egiten ari garen ikerketaren bidez emakumeen ezkutuko lana ikusarazi nahi dugu”.

Hausnarketara bideratutako ekintzak

Denboraren erabileraren gaia gizarteratzeko eta herritarrek gaiz hausnartzeko hainbat jarduera prestatu ditu Udalak. Aurreneko hitzordua hilaren 19rako prestatu dute. Egun horretan Ladrones del tiempo dokumentala emango dute Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Ondoren, ikus-entzunezkoaren egilearekin solasteko aukera izango da bertan. Cosima Dannoritzer da dokumentalaren zuzendaria, eta horrela dio sipnosiak: “Ahaztu petroleoaz, uraz edo mineraletaz. Ikerketa berri honetan erakusten zaigun bezala, trukerako txanpon berria bihurtu da denbora, eta gure esku dago errekurtso baliotsu bezain mugatu honen kontrola berreskuratzea”.

Urriaren 2an, Reforma horaria ekimena aurkeztuko du haren sustatzailea den Fabian Mohedanok. Berdintasunerako tresna berria izenburupean eskainiko du solasaldia Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Antolatzaileek azaldu dutenez, Reforma horaria ekimenaren xedea da herritarrak beraien denbora “askatasun handiagoarekin” kudeatu ahal izatea: “Jendartearentzako ordutegi egokiagoak bultzatzen ditu ekimenak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen dutenak; harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak. Udalerrietarako proposamena nahiz orain arte egindako ibilbidea aurkeztuko dizkigute solasaldian”.

Urriaren 17an, aldiz, Zertan erabiltzen dugu denbora azpeitiarrok? jardunaldia egingo dute Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Bertan, inkestetatik jasotako lehen datuen zenbait zertzelada azalduko dituzte. Saio hori denboraren erabileraren inguruko hausnarketak eta iritziak plazaratzeko gune izatea du Udalak Hausnarketa saioa Elhuyarrek dinamizatuko du.

Inkesta betetzeko epea, zabalik

Martxoan iragarri zuen Udalak azpeitiarren denboraren erabilera aztertzeko egitasmoa martxan jarriko zuela. Ekainaren hasieran banatu zituzten etxez etxe denboraren erabilera aztertzeko inkestak, eta kalera ere atera dute egitasmoa. Denboraren erabileraren inguruko inkesta betetzeko epea zabalik dago oraindik, eta urriaren 7a izango da horretarako azken eguna. Inkesta-orriak udaletxean, Emakumeen Txokoan zein Interneten eskura daitezke.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend