Ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea ireki dute Getarian

2018-2019 ikasturtean Getarian eskainiko dituzten ikastaroen berri eman du udalak. Gurasoei zuzendutako euskara ikastaroak eta pintura tailerra antolatu dituzte, besteak beste.

ikastaroIrailan bete betean sartu gara dagoeneko, eta ikasturte berriari begira jarri da Getariako Udala ere. 2018-2019 ikasturterako ikastaro eskaintza zabala antolatu dute, eta datozen egunetan eman beharko dute izena horietan parte hartu nahi dutenek.

Astelehen, astearte eta ostegunetan emango dute gurasoei zuzendutako euskara ikastaroa, urrian hasi eta maiatzera arte, 14:30etik 16:00etara. 100 euroren prezioa du ikastaroak, eta irailaren 21a izango da izena emateko azken eguna.

Uxue Alberdik gidatutako Katukale irakurle taldean, aldiz, liburu bat izango dute hizketagai hilero, irailaren 27tik aurrera. Virginia Woolfen Gela bat norberarena lana aztertuko dute, hain justu, lehen saio horretan. Oier Guillanek ondutako Zauri Bolodia lanari helduko diote urriaren 25ean, eta Bernardo Atxagaren Obabakoak izango dute hizpide azaroaren 29an. Azkenik, Danele Sarriugarteren Azala erre aztertuko dute abenduaren 20an. Azaroa aldera osatuko dute ekainera bitarteko programazioa.

Pintura tailerra ere antolatu dute, Manuel Fernandesen eskutik. Irailaren 25era arte izango da izena emateko aukera. Egun berean, ikastaroaren inguruko bilera egingo dute alondegian, 18:00etan. Ikastaroa aurrera ateratzeko, gutxieneko lagun kopuru batek izena eman beharko duela jakinarazi dute.

Azkenik, psikologian, psikoterapian eta sexologian adituak diren Harremanak elkarteak guraso eskola emango du. 0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendu diete tailerra, eta seme-alaben adinaren arabera osatuko dituzte taldeak (0tik 5era eta 6tik 12ra). Urriaren 3an izango da lehen saioa, eta bertan zehaztuko dituzte gainontzekoak. Irailaren 26a izango da izena emateko azken eguna.

Getariako udaletxean, 943 89 60 24 telefono zenbakian edo kultura@getaria.org helbidean eman behar da ikastaro guztietarako izena.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend